2024-11-23
HomeEkintza SozialaEAEko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berriak ekarritako aldaketei buruzko azterketa argitaratu dugu

EAEko Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berriak ekarritako aldaketei buruzko azterketa argitaratu dugu

Honen helburua duela gutxi onartutako Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen erreforma aztertzea da, eta DSBE eskuratzeko euskal langileek aurkituko dituzten aldaketa nagusiak nabarmentzen dira.

Lehenik eta behin, uste dugu lege berri honen abiapuntua okerra dela. Legeak dio diru-sarrerak bermatzeko euskal eredua gai izan dela pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren hazkundea prebenitzeko eta geldiarazteko, enpleguaren sorrera arriskuan jarri gabe. Baina euskal langileek bizi duten errealitatea oso bestelakoa da.

2020ko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestaren arabera, pobrezia-arrisku errealean dauden pertsonen %30 babes-sistematik kanpo geratzen dira. Bestalde, sistema horrek kasuen %33tan baino ez du laguntzen pobrezia-egoera errealetik ateratzen, eta hartzaileen %37 ez da pobrezia-egoeratik ateratzen.

2021ean 54.145 pertsonak jasotzen zuten DSBE, %57,8 emakumeak* eta %42,2 gizonak. Guztizkoaren %47,4k etxebizitzarako osagarria jasotzen du, %23,7 pentsioduna da eta %16,2 guraso bakarreko bizikidetza-unitateari dagokio. Dau izugarri hauei ez ikusia egiten zaie Eusko Jaurlaritzak eredu arrakastatsu gisa aurkezten duenean egungoa. Egungo Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Ereduak pobretzeari eta gizarte bazterketaren hazkundeari aurre ez egiteaz gain, egungo egoera kronifikatzen du.

Araudi berriak aurkeztutako aldaketa ugarien artean, txostenean honako hauek nabarmentzen ditugu: Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako zenbatekoen hazkunde faltsua, prestazioen murrizketak ezkutatuz eta 2008ko legearen indargabetuz; Bestelako neurri negatiboak ere azpimarratzen ditugu, hala nola dagokion prestazioaren % 15eko indize murriztailea aplikatzea etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean, DSBEaren onuraduna izan ala ez, horrela pisuak partekatzera behartuta dauden pertsonak zigortuz, baita legeak jasotzen dituen migrazioa kriminalizatu eta pobrezia estigmatizatzen duten mekanismoak ere.

Erreforma horrek zenbait arazori aurre egiteko gai diren mekanismoak aurreikusi beharko lituzke, hala nola bizitzaren garestitzea, lan duina lortzeko aukerarik eza, gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak, egiturazko arrazakeria, infraetxe edo etxebizitza duinik ez izatea, pobrezia energetikoa, alokairuen gehiegizko prezioak, etxegabetzeen ugaritzea, edota gorantz doazen etxegabetasun-indizeak. Aukera bat izan beharko luke beste harreman-, familia- eta zaintza-eredu batzuk babesteko, gizarte gisa ezaugarritzen gaituen eko-interdependentziak orientatuta.

Erreformak baliagarria izan beharko luke pobretzearen eta bazterketa sozialaren hazkundeari, aurre egiteko gai den gizarte-babeseko eredu bati buruzko eztabaida ireki eta aintzat hartzeko. Hala ikuspegi horretatik heltzeak borondate politikoa eskatzen du, bai politika publiko integralak planifikatzeko, bai DSBE gizarte-kohesiorako benetako tresna bihurtzeko. Erreforma honetan ageri ez den borondate politikoa hain zuzen.

LABen uste dugu euskal langileek bizi duten pobretzea ez dela koiunturala, ezta kapitalismoaren “akats” bat ere. Aitzitik, estrategia argia da eskubideak eskura ditzaketen pertsona eta bizitzen, eta azken buruan, bizitzea merezi ez dutenen artean diskriminatzeko.

Horregatik, LABek proposatzen duen eredu sozioekonomikoa banaketa hirukoitzean oinarritzen da. Hau da, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren bidezko banaketan. Pertsona guztiek dute eskubidea gizarteari enplegua eta zaintzen bidez ekarpena egiteko, bai eta sortuta aberastasunaz gozatzeko ere errenta-soldaten bidez, hilean 1.400 euroko gutxieneko soldata gordinarekin eta doako eta kalitatezko zerbitzu publikoekin. Horretarako funtsezkoa da administrazioak enplegurako eskubidea bermatzea, eta hala egiten ez badu, errenta bat esleitu behar dio enplegurik gabeko pertsonari, gutxieneko soldataren baliokidea dena eta kotizatzen duena.

Gure ustez, langabezia egoeraren erantzukizuna ez da egoera horretan dagoen pertsonarena, baizik administrazioarena. Hortaz, dagokion errenta ez dagokio “porrot egin duen” pertsona bati “laguntza bat”, baizik eta enplegurako eskubidea urratu zaion pertsona bati kalte-ordain bat. Eraldatzailea den eredu sozioekonomiko bat proposatzen dugu, DSBE arautzen duen lege berriak indartzen duen egungo eredu baztertzailearen aurrean.

Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko erreforma guztiek izendatzaile komuna izan dute: diru-sarrerak bermatuta izateko eskubide subjektiboaren debaluaziora bideraturiko diskurtso eta praktika instituzionalak. Beraz, txosten honen helburu nagusia onartutako lege berriarekin mantendu diren gabeziak eta sakondu diren arriskuak mahai gaineratzea da.

Lan Harremanetarako esparru propioa eta gizarte-babeserako sistema propioa behar ditugu, bidezko eta kalitatezkoa, lan, pentsio, zaintza eta bizi duina ahalbidetzeko. Bide honetan lortu diren aurrera pausoak Euskal Herrian eman diren borroka sozialen eskutik etorri dira, eta horixe da jarraitu nahi dugun bidea.

Beraz, azterketa bere osotasunean irakurtzera gonbidatu nahi zaituztegu, eta LABek Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu eta erregistraturiko Euskal Herrirako Lan Kodearen eta Gizarte Segurantzaren proposamena ezagutzera. Hauetan lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko neurri erreal eta zehatzak proposatzen ditugu, egungo eskumenetatik egingarriak direnak, eta aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak ere jasotzen ditugu. Kaleetan jarraituko dugu langile guztientzako eskubide guztiak aldarrikatu eta defendatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.