2024-11-22
HomeEkintza SindikalaDeitoratzen dugu Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresetako patronala agertu ez izana sektoreko...

Deitoratzen dugu Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresetako patronala agertu ez izana sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilerara

Nafarroa Garaiko gizarteratze eta laneratze sektoreko lehen hitzarmena izanen dena negoziatzen hasteko bilera deitua zegoen gaur goizean Iruñean, baina EINA patronala ez da agertu “segurtasun juridikorik eza” alegatuz. LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkariak bileran izan gara, negoziazioak hasteko oinarri juridiko nahikoa dagoela uste baitugu.

Hainbat ebazpen eta epai judizial ditugu gizarteratze eta laneratze enpresak Esku-hartze Sozialeko Estatuko hitzarmenaren eremu pertsonal eta funtzionalaren barruan daudela berresten dutenak. Baina Nafarroan gizarteratze eta laneratze enpresak ez dira gutxieneko hitzarmen hori aplikatzen ari, ez teknikariei, ez gizarteratze prozesuan kontrataturikoei. EINAk ez du aurkeztu gutxieneko hitzarmen hori zergatik ez den aplikatzen justifikatzeko agiri bakar bat ere. Uste dugu hitzarmen hori dagoeneko aplikatu beharko litzatekeela, baina, gainera, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen berezko hitzarmen sektoriala ezarri beharko litzateke; horregatik bultzatu dugu negoziazio prozesua.

Hori guztia erranda, irekita gaude egon daitezkeen iritzi eta argudio juridiko guztiak behatu eta aztertzeko, sektore hori duintzeko eta gizarte-egoera ahulean dauden pertsonen eta haiei laguntzen dieten pertsonen enpleguaren eta bizitzaren kalitatea hobetzeko hitzarmena lortze aldera.

Beraz, ikusita EINA ez dela gaurko bilerara etorri, LAB (%55eko ordezkaritza) eta CCOO (%22) sindikatuok erabaki dugu negoziazio mahaia irekitzen saiatzeko bigarren data batera deitzea; martxoaren 2an izanen da, goizeko 11:00etan. UGTk (%22) ez du deialdi hori babesten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.