2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzeko dei egin diogu EAEko Hezkuntza Sailari

Lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzeko dei egin diogu EAEko Hezkuntza Sailari

LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu eta irakaskuntzako arduradun Irati Tobar komunikabideen aurrean azaldu dira gaur, Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa eskatzeko.

Garbiñe Aranburuk adierazi duenez, bi dira datozen hilabeteetan askatu behar diren korapiloak; batetik, hezkuntza lege berria; bestetik, hezkuntzako langileen lan baldintzak. Euskal Hezkuntza Sistemak eraldaketa sakona behar du, eta bide horretan langileen lan baldintzei ezinbestez erreparatu behar zaie. Aipatutako lehenengo korapiloari dagokionez, aurkeztu zen Lege Aurreproiektuan zuzendu beharreko hainbat gai ikusi eta berau zuzentzeko proposamen zehatzak aurkeztu genituen, Euskal Hezkuntza sistema propio, euskaldun eta sare publiko bakar eta deszentralizatu bakarrean antolaturikora trantsizioa egiteko. Ikusteko dago testu berriak zein neurritan jasoko dituen ekarpenok, eta horren araberako balorazioa egingo du LABek.

Bigarrenari dagokionez, hurrengo urteei begirako oinarriak negoziatzea eskatu izan dugu behin baino gehiagotan: pasa den urteko apirilean, adostu beharreko eduki eta prozedura zehaztuko lukeen bide-orria aldarrikatu genuen; eta irailean, lan baldintzen inguruko xedapen gehigarriak aurkeztu genituen.

Orain arte ez da egon aukerarik Jaurlaritzarekin gai hauek negoziatu eta adosteko. Eta blokeo horren aurrean, greba eta mobilizazioetara jo behar izan dugu, beste zenbait sindikaturekin batera. Greba eta mobilizazio horiek hezkuntzako langileen babes zabala izan zuten eta besteak beste lan eremuko eskaerak erdigunera ekarri zituzten, egoera desblokeatzeko baldintzak sortuz.

Honela, greba eta mobilizazioen indarraz baliatu eta azken asteetan Hezkuntza Sailarekin izan dituen elkarrizketak aintzat hartuta, akordioa bideratzeko aukerak ikusten ditugu LABeko kideok. Ildo honetan, sindikatu guztiekin eseri eta oinarrizko akordio bat negoziatzeko, datozen asteetan sindikatuen arteko mahaia deitzeko, deia egin dio Jaurlaritzari. Horrela egin ezean, greba eta mobilizazio berrien aldeko hautua egingo genuke.

Irati Tobarrek lan eremuari begira oinarriak finkatzeko akordio orokorra behar dela berretsi du. Negoziazio kolektiboa kaltetu gabe, era orokorrago batean hezkuntzako langile guztiak (publikoak, itunduetako ikastetxeetakoak zein azpikontratatuak direnak) aintzat hartuko lituzkeen akordioa behar dela azaldu du.

LABen iritziz honako hauek lirateke lan eremuaren inguruko akordio orokor horretan jaso beharko liratekeen oinarriak:

1- Langile publikoei dagokienez:

  • Kolektibo guztietan (Irakasleak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbitzaileak, Haurreskolak Patzuergoa) lanpostuak mantentzea eta hauek esleitzeko irizpideak adostea. Haurreskoletan doakotasunaren ondorioz sortuko liratekeen behar berriei erantzuteko lanpostu berriak sortuz.
  • Jantoki-ereduaren gaineko azterketa egitea, langileen kudeaketa publikorako aukera aztertuz.
  • Kategoria berdina duten eta lan eta funtzio berdina egiten duten langileei soldata ekiparatzea. Bide batez, kolektibo feminizatu eta prekarizatuenen lanari duen balio politiko, sozial eta ekonomikoa aitortzea.
  • Euskalduntzea: langile kolektibo guztiak euskalduntzea; batetik, LPZetan hizkuntz-eskakizunak zehaztuaz; eta bestetik, plan bereziak eginez Lanbide Heziketan edo Sukalde eta Garbiketan.

2. Itundutako ikastetxeetako langileak:

  • Sarbidea gardena ezartzea, meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioetan oinarritu eta eskaintzen publizitatea bermatua duena.
  • Langileen soldaten ekiparazioa eta lan-baldintzen homologazioa adostea.
  • Publifikatuko liratekeen ikastetxeetako langileak subrogatzeko akordioa jasotzea.

3. Azpikontratako langileak:

Lehentasunez garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileak lehengoratu edo langile publiko bilakatzea aztertzea. Eta hori egin ezean, lehentasunez ekiparazio eta homologaziorako azterketa egitea.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.