2024-11-25
HomeIndustriaArte GrafikoakBizkaiko metalgintzan borrokaren bidez erdietsitako akordioa sinatzea #LortuDugu

Bizkaiko metalgintzan borrokaren bidez erdietsitako akordioa sinatzea #LortuDugu

Ekainean hasi eta 11 greba egun eta hainbat mobilizazio aurrera eraman ostean, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza behartu genuen langileok, eta azkenik lortu dugu hobekuntzak biltzen dituen hitzarmena sinatzea, patronalak zituen asmoen kontra. Bada, lorpenari buruzko irakurketa plazaratzeko agerraldia egingo dugu bihar, larunbata. Dena den, borroka horrekiko jazarpena nabarmendu du LABek; izan ere, orain artekoez gainera, gaur bertan ere hainbat langilek jaso dute epaitegian deklaratzeko deia.

LABeko kideok hasieratik salatu izan dugu Eusko Jaurlaritza Bizkaiko metalgintzako gatazkan izaten ari zen jokabidea; izan ere, azkenaldian Ertzaintzak jarritako hainbat isun eta inputazio jaso ditugu borrokan aritutako langileok, eta badirudi oraindik ere ez direla eten horren ondorioak. Izan ere, gaur bertan hainbat beharginek zitazio gehiagoren berri jaso dute. Bada, horiek guztiak erretiratzeko exijitu diogu Segurtasun Sailari.

Iratxe Azkuek, LABeko ordezkariak, langile guztiak zoriondu ditu hitzarmena izenpetu ostean, eta gaurkoa posible egin duen borrokarekiko harrotasuna azpimarratu du.

Gai honen harira, LAB sindikatuak agerraldia egingo du bihar, garaipenaren inguruko bere irakurketa plazaratzeko asmoz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.