2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaLangabeziaren igoera emakumezkoena izan da esklusiboki

Langabeziaren igoera emakumezkoena izan da esklusiboki

Gaurko langabeziaren datuek aurreko hiletik igoera erakutsi dute batez beste, are gehiago gazteenen eta emakumeen artean. Egun 144.903 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horien %60 emakumea.

Gaurkoan hiru elementu azpimarratu nahi ditugu datuei dagokienez: lehena, emakumeen langabeziaren igoera. Izan ere, igoera emakumeena izan da esklusiboki, gizonen langabeziak beherantz egin baitu. Bigarrena gazteenen langabeziaren igoera litzateke, batez bestekoa baino hiru aldiz gehiago igo baita. Eta azkena, eta aurretik azpimarratu ditugun datuekin bat datorrena, zerbitzuen sektoreko enpleguaren bilakaera, gainerako sektore guztietan langabeziak behera egin arren, zerbitzuen sektorean izanik igoera garrantzitsuak batez bestekoa erabat baldintzatu arte.

Askotan salatu izan dugu “erabili eta botatzeko” enplegua dela hemen sortzen dena, merkatuaren interesen arabera eskubiderik sortzen ez duten kontratuak gailentzen direla. Eta azken lan erreformak datuak nolabait zuzentzeko helburua izan zuen arren, dagoeneko ezin da errealitatea ezkutatu: urtarrilean egin diren kontratuen %74 behin-behinekoa izan da, probaldiko kaleratzeak neurrigabe igo dira, behin-behinekotasuna aldizkako finko gisa ezkutatzen ari dira. Enplegua sortu eta deuseztatu egiten da, sektore kalteberenen ezegonkortasuna agerian geratuz. Eta kontuan izan behar dugu datu horietatik kanpo geratzen direla egoera administratibo irregularrean dauden langile guztiak eta lurpeko ekonomian lan egiten dutenak.

Sortu eta deuseztatzen den enplegu hori ezegonkorra eta prekarioa da. Ipar Hegoaren Ikusmiran txostenak publiko eginiko datuen arabera, bi langiletik bat egoera prekarioan dago, langabezian, 1.400 euro azpiko soldatak jasotzen edota inolako soldatarik gabe etxeko eta zaintza lanak burutzen, horietatik gehienak emakumeak. Gainera, astelehenean publiko eginiko Lan Harremanen Kontseiluaren txostenak soldaten eguneratzea KPI-aren azpitik egiten ari dela utzi du agerian, hori eguneratzea dagoen kasuetan, sektore asko eta asko baitaude euren lan hitzarmenaren alde borrokan akordio duin bat lortzeko patronalaren ezezkoaren aurrean.

Egoerak neurri ausartak eskatzen ditu, Euskal Herrian bertan erabaki eta egikarituko diren neurriak. Estatu mailako akordio eta legeek ez digute balio: lan erreformak argi erakutsi digu beste modu bateko legeak behar ditugula hemen. Bestetik, aste honetan bertan egin dute Estatuko gobernuaren eta Estatuko sindikatuen arteko Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoeraren akordioa. 1.080 euroko LGS ez da nahikoa Euskal Herrian, bertako errealitateak 1.400 euroko gutxienekoa eskatzen du. Bada garaia bertako instituzio eta patronalak hemengo errealitatearen arabera eta bertako langileen aldarrikapenak aintzat hartuz posizionatu daitezen. Guk, hori horrela izan dadin borrokatzen jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.