2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakGuggenheim Museoko hezitzaileen greba prekarietatearen aurka

Guggenheim Museoko hezitzaileen greba prekarietatearen aurka


Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak dauden hezitzaileak gaur greban daude bizi duten egoera prekarioa salatzeko. Egoeraren berri emateko agerraldia eskaini dute museoaren kanpoaldean eta bertan, "kalitate eta bikaintasun estandarrak" titanioaren barruan ere aplika daitezen eskatu die Solomon Guggenheim fundazioari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.


Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak dauden hezitzaileek eskaini duten prentsaurrekoaren edukiak

GREBA EGUNA BILBOKO GUGGENHEIM MUSEOAN

KALITATE ETA BIKAINTASUN estandarrak titanioaren barruan ere aplikatzea eskatzen dugu

“Guggenheim Museoan Manpower Group Solutions enpresarekin azpikontratatuak gauden HEZITZAILEOK hemen bildu gara gaur, orain dela urte asko jasaten ari garen prekarietatea eta ezegonkortasun laborala publikoki salatzeko.

Goi mailako FORMAKUNTZA duten 18 HEZITZAILE gara (lizentziatuak, hizkuntza desberdinen hiztun, masterra, disponibilitatea, balioaniztasuna eta etengabeko formakuntzarekin) eskatzen diren kalitate estandarrak eta bikaintasuna betetzeko.

Ez gara ‘esperimentalak’, eta egiten ditugun lanak ez dira ‘ekintza puntualak’ nahiz eta museoak egindako prentsa ohar ofizialean horrela azaldu duen. Gure eginbeharra, orain dela urteak hezkuntza programen garapena gauzatzen dugu, eta horren aurpegia gara gainera.

2015eko datu ofizialetan:
Kolektibo ezberdinentzat Museoak burutzen dituen hezkuntza programetan 577.266 pertsonek hartu zuten parte (irakasleak, haurrak, gazteak, familiak, museoaren lagunak, helduak) eta hauetatik 107.594, ORIENTATZAILEOK, guk geuk, artatu genituen, eta zuzendariaren hitzetan ‘egonkortu’ den zerbitzua da orientatzaileona.

Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideak eta Kalitate arloko arduradunaren hitzetan: “Aitzindariak gara pertsonak kudeatzeko moduan” eta “errotazio gutxi dugu, eta hau arro egoteko balio bat da, lan egonkortasun handia mantentzen dugu eta hori ona da”.

Hala ere, GURE KASUAN, zerbitzua azpikontratatu eta gero, estandar kualitatiboak eta bikaintasunezkoak ez dira betetzen inondik inora:

− Gure lanpostua, lan baldintzak eta soldatak EZEGONKORRAK dira, SUBROGAZIOA ez delako kontratazioan bermatzen, eta urtero (bi urtetik behin zortearekin) enpresa merkeenak aukeratzen dira, lan kalitatean honek duen eragina kontutan izan gabe.
− Ez da inolako plusik aitortzen jaiegunetan edo gaueko lanean. Eta ez dugu aintzinatasunik.
− Ez da dagokigun KATEGORIA PROFESIONALA aitortzen eta horregatik gure soldatak ikasketarik gabeko lan postuen soldaten ratioan mugitzen dira, oinarrizko soldata 5.35€ gordin orduko (gehi plusak eta prorratak) eta kasurik hoberenean 12.30€ gordin ordukoa da.
− Soldata minimo interprofesionaletik oso urrun dauden soldata aldakorrak kobratzen ditugu hilero. ‘Tarifa laua’ aplikatzen zaigu eta edozein zerbitzu egiten dugula ere, orduko kobratzen dugu baina ordu horiek ez daude bermatuak (ordu minimorik ez dago)
− Erakusketa bakoitza prestatzeko katalogoa EROSI egin behar dugu (edo liburutegian kontsultatu) eta gure etxean egiten dugu lan hau musutruk.

Juan Ignacio Vidarte Museoko zuzendariaren hitzetan, “zonaldeko aberastasunaren parte garrantzitsua gara, suspertze ekonomikorako zein eraldatze edo proiekziorako instrumentua gara, eta horrek gizartean dugun papera modu sentsible baten kontutan izatera behartzen gaitu.

Hau guztiagatik, Bilboko Guggenheim Museoko Patronatoaren (Solomon Guggenheim fundazioa + Bizkaiko Foru Aldundia + Eusko Jaurlaritza) esku dago egoera lotsagarri honekin bukatzea, eta Bilbo eta Bizkaiko motore ekonomikoaren ‘berezkoa dna’ osatzen duen ERANTZUKIZUN SOZIALA aplikatzea.

Bilboko Guggenheim Museoko KALITATE ETA BIKAINTASUN estandarrak titanioaren barruan ere aplikatzea eskatzen dugu, aurki hezkuntza zerbitzua emateko publikatuko duten lizitazioarekin kontratatzen duten enpresa zeinahi dela ere.

PASIBOTASUNA eta ARDURAK SAIHESTEA lan baldintzen kalitateari dagokionez, ez da Museoak bilatzen duen bikaintasun kulturala lortzeko bidea, eta horregatik GAUR GREBA EGUNA da, titanioan ezkutuan dagoen prekarietatea jendaurrean aurkezteko eguna.”

Manpower Group Solutions-ek azpikontratatutako Bilboko Guggenheim Museoko Hezitzaile taldea

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.