2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakLarrialdiak-Eulen UTEak kudeatzen duen Bizkaiko Larrialdi Osasun Sarearen egoera tamalgarria da

Larrialdiak-Eulen UTEak kudeatzen duen Bizkaiko Larrialdi Osasun Sarearen egoera tamalgarria da

LAB, ESK eta ELA sindikatuok, Larrialdiak-Eulen UTEak kudeatzen duen Bizkaiko Larrialdi Osasun Garraio Sarearen (RTSU) zerbitzuaren egoera tamalgarria salatzen dugu.

Pasaden irailaren 1etik, Larrialdiak (lehen sozietate kooperatiba zena, eta orain S.L.a bihurtua) eta Eulen enpresak Bizkaiko Larrialdi Osasun Garraio Sarearen (RTSU erderaturik) ardura lortu zutenetik, sektore honek bizi duen prekarietatea era tamalgarrian areagotu da. Enpresaren gerentziak ez ditu pliegoen baldintzak betetzen.

Hori dela eta, langileak ezin dute gehiago jasan egoera. Lan segurtasunarekiko beharrezkoak diren konponketak egiten ez direlarik, deskantsurako legediak exijitzen dituen lantokiaren gutxiengo baldintzak ez dira bermatzen. Lan baldintzen duintasun gabezia salatzen dute sarean diarduten langileak.

Bajen plangintza eskasa, langileen ordezkarien ordu sindikalen kudeaketa tamalgarria eta batipat, oporraldien antolakuntzaren gabeziak, zerbitzua erabateko kaos batetara eraman du. Bizkaitar guztiontzat, eta diru publikoz mantendua den ezinbesteko osasun zerbitzu baten larrialdi egoera salatzen dute sindikatuek; Osasun Sailaren erantzukizun utzikeria leporatuz.

Egun gehienetan, lanaldia bukatu beharreko txanda (12 orduko lanaldiaren ostean) erreleborik ez duela aurkitzen da, eta zerbitzu nahitaezkoa izanik, lanpostuan mantentzera derrigortua aurkitzen da, hitzarmen kolektiboak espreski debekaturiko aparteko orduak egitera derrigortuz, enpresak ordezkoren bat bidali arte. Errelebo askok, 36 orduko lanaldiaren ostean egin izan dira.

Larrialdiak-Eulen UTEak bideratutako beste pirateria enpresarial adibide bat Bakioko basean aurki genezake. Bakioko udalerriak uztailean, abuztuan eta irailean “oinarrizko bizi euskarri” (soporte vital básico) anbulantzia bat du. Hilabete horietarako, 12 orduko lanaldiak egiteko langileak kontratatu beharrean, enpresak Bilboko Errekalde eta Zorrozako lankideak (lehen ISCAN enpresaren kudeaketaren ardurapean) xantaiatu ditu, beraien egun libreetan, eta Bizkaiko hitzarmenaren lan baldintzak aplikatzearen trukean Bakioko txandak egiteko. Lankide hauek nahikoak ez izanik Bakioko txandak betetzeko, beste lankideei eskaini zaie hitzarmenak debekaturiko aparteko orduak sartzera. Gaur egunerarte, Larrialdiak-Eulen enpresak hiru hitzarmen ezberdin aplikatzen ditu lan berdinak egitearren, batetik bestera 400 eta 700 €tako diferentziak direlarik.

Oporraldietarako kontrataturiko langile bakanak praktikako kontratupean hartu ditu enpresak, hitzarmenak jasotzen duen soldataren % 60a ordaintzen dietelarik, lanaldi esklabotzaren ordainetan. Ez dute koadrante finkorik, edozein momentutan jaso dezaketen deien zain direlarik txandaldiak betetzeko. Egoera horretan, badira praktiketako lankideak 30 egunetan 2 egun besterik atzeden hartu dituztenak.

Sindikatuek, herritarrei eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, zer nolako zerbitzua eman daiteken galdetu nahiko lieke, esplotazio lan baldintzetan, soldatak garaiz kobratzen ez direlarik , funtzionamendu egoki eta lan segurtasunarekiko beharrezkoak diren baldintzak bermatzen ez diren egoeran.

Ba al du Darpon Jaunak estresaren ondorioz bajen, “burn out” sindromearen, lepoko eta bizkarreko lesioen kopuruen berri ? (errekurtso askotan, lateral mailak ez du funtzionatzen, gaixoa pultsuan jaso beharrean aurkituaz, horrek dakarren lepoko eta bizkarreko arazoekin).
Ba al dakite herritarrek noren esku utzia den guztion osasunean ezinbesteko garrantzia duen zerbitzua ?.

Instituzioei zerbitzu honek eskatzen dituen ezinbesteko kalitate parametruak berma ditzala exijitzen diegu. Bildu dadila salaketa hau bideratzen duten sindikatuekin egoera tamalgarri honi irtenbidea bilatze aldera.

Gure ustetan, interbindea oso erraza da: UVI mobilak bezalaxe (16 urte eskas funtzionamenduan darabiltenak) RTSU zerbitzupean gabiltzanok, administrazioaren menpean izan gaitezela exijitzen dugu. Enpresa publiko bat izan dedila kudeaketaren arduradun, azken 3 urteetan pairatutako egoera tamalgarri honi bukaera emateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.