2024-11-22
HomeEkintza SindikalaOstalaritza eta Kolektibitateetako patronalen aurrean hemen negoziatzeko eskubidea defendatu dugu gaurko epaiketan

Ostalaritza eta Kolektibitateetako patronalen aurrean hemen negoziatzeko eskubidea defendatu dugu gaurko epaiketan

Kolektibitateko langileei beraien eremuan negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzeak lan baldintzen estatalizazioa eta kaskartzea dakartza.

Kolektibitateetako langileek beren lan baldintzak hemen negoziatzeko eskubidea defendatzeko bide guztiak erabiliko zituela esan zuen LABek, eta gaur, urtarrilak 31, horixe bera defendatu du epaitegietan. Edonola ere, sindikatuak oso argi du eztabaida hau, juridikoa baino, politikoa ere badela. Azken lan erreformek negoziazio kolektiboa estatalizatzeko apustu argia egin dute. Neurri horrek patronala saritzen du eta sindikatuon ordezkaritza desitxuratzen du, eta hor dago egoera honen gakoa. Bertan negoziatzeko dugun eskubidea dago jokoan. Bada, langile hauei eskubide hori egikaritzea oztopatzen zaien egun bakoitzeko, beren lan baldintzetan atzera egiten ari dira, kolektiboa zatitzen ari da eta geroz eta langile gehiago daude lan egoera desberdinetan, horietako asko estatuko hitzarmenen menpe daudelarik. “Aldi berean, sektore honetako lan baldintzen estatalizazio eta prekarizazio prozesua azkartzen ari da”, ziurtatu du LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk, elkarretaratzean parte hartu baitu. Horrez gain, patronalen jarrera “salagarria” dela uste du: “EAEn negoziazio esparru bat ireki nahi ez izateko arrazoi bakarra da estatalizazioaren eta lan baldintzen uniformizazioaren alde egitea, langileen kaltetan betiere”.

Estrategia estatalizatzaile horren atzean patronala eroso dago, baina baita CCOO eta UGT bezalako sindikatuak ere, koordinatzaile nagusiaren arabera: “Gure lurraldean negoziazio kolektiborako berezko esparrua defendatzeko Lanbidearteko Akordio sinatzen dute, baina aldi berean, Madrilen, eremu txikiagoetan negoziatzea zailtzeko klausulak sartzen dituzte estatuko hitzarmenetan”. Estrategia honen aurrean herri bezala erantzun behar dugula uste dugu, eta horrela adierazi diegu azken asteetan egon garen alderdi ezberdinei: salatu dezatela patronalaren jarrera ukatzaile hau, ditugun eskuduntzak muturrera eman ditzagula gure lan baldintzak guk geuk arautzeko, eta oztopoen aurrean, bila ditzagula bide berriak herri bezala hemengo negoziazio kolektiboa babesteko.

Hori da gaurko epaiketan dugun helburua: hemengo negoziazio kolektiborako eskubidea, injerentziarik gabekoa, aitortzea. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aitortzea. Azken finean, Lanbidearteko Akordioari balio juridikoa ematea, gure eremuko hitzarmen kolektiboak lehenetsiz. “Madrilen inposaketa horrek ez du errespetatzen emakume hauen negoziazio kolektiborako eskubidea, ezta sektorean dagoen ordezkaritza sindikala ere. LABeko kideok urraketa horri aurre egiten jarraituko dugu ekintza sindikalaren, mobilizazioen, salaketa juridikoen eta interpelazio politikoaren bidez”, azaldu du Aranburuk.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.