2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaPentsio publikoetan egindako murrizketak atzera botatzeko beharra planteatu dugu

Pentsio publikoetan egindako murrizketak atzera botatzeko beharra planteatu dugu

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du gaur goizean, Espainiako eta Frantziako pentsioen erreformei buruz egiten dugun irakurketa azaltzeko. Estatu espainiarrean egindako azken bost erreformen ondorioei buruzko azterketa ere aurkeztu du, pentsioen bideragarritasunari eusteko hainbat neurrirekin batera. Azkenik, otsailaren 8an Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan egingo duen mobilizazioa iragarri dugu. Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez izango da leloa.

Garbiñe Aranburuk azpimarratu du Ukrainako gerraren testuinguruak trantsizio ekosozialista eta feministaren beharra areagotu duela, eta horrek politika publiko birbanatzaileen aldeko apustua egin behar duela. “Hori ez egiteak desberdintasun sozialak areagotzen jarraitzea esan nahi du”, dio. Hala, trantsizio hori abiatzeko, lehenik eta behin azken urteetan lan-erreformen eta pentsioen bidez nahiz zerbitzu publikoetan inbertsiorik ez egitearen ondorioz egindako murrizketak atzera bota behar dira.“Pentsioen erreforma justifikatzeko bi estatuetan erabilitako argudioak antzekoak dira. Erronka demografikoaz hitz egin digute, eta esan digute egungo pentsio sistemak ez direla iraunkorrak”, azaldu du Aranburuk, eta nabarmendu du neurri horiek eskubideak murrizten dituztela eta erretiroa kobratzeko baldintzak gogortzen dituztela. Horrek guztiak, LABen ustez, negozio pribatuari mesede egiten dioten politika ekonomiko neoliberalen logikari erantzuten dio.

Aldiz, ziurtatu dugu posible dela pentsioen iraunkortasuna bermatzea murrizketarik egin gabe, eta, horretarako, honako neurri hauek nabarmendu ditugu:

• Soldatak hobetzea eta kotizazio-mugak kentzea. Horrela, lanean ari diren langileek diru gehiago jartzen dute kotizazioen bidez, eta, gainera, etorkizunean pentsio hobeak izango dituzte.

• Eta beharrezkoa balitz, aurrekontuen bidez, beste zerga-politika batekin, diru gehiago eta modu progresiboagoan biltzen, pentsio publikoak eta zerbitzu publiko duinak bermatuz. Izan ere, pentsioak Estatuak bermatu beharreko oinarrizko eskubidea dira.

Macronen gobernuak iragarritako erreformari dagokionez, Aranburuk nabarmendu du “sistema publikoaren aurkako eraso zuzena” dela, erretiroa hartzeko legezko adina handitzen duelako eta pentsioak jasotzeko baldintzak gogortzen dituelako.

Era berean, Espainiako estatuan egindako azken bost erreformak norabide berean doazela dio. Gainera, horietako batzuek CCOOren eta UGTren berme sindikalarekin aurrera eraman izanaren larritasuna azpimarratu du. Aranburuk erreforma horien ondorio hauek aipatu ditu:

• Erretiro-adina atzeratzea

• Pentsioa jasotzeko behar diren gutxieneko urteen luzapena

• Pentsioa kobratzeko gutxieneko kotizazio-aldia• Kotizazio-urteen igoera pentsioa kalkulatzeko

• Pentsioaren zenbatekoa eguneratzeko berrikusketa-metodoaren eguneraketa, pentsioak jaistea ekarri duena. Bada, jaitsiera hori ez da berrreskuratu metodoaren berrikusketarekin.

• Pentsio-funts pribatuak bultzatzea

Erreforma horien bidez, erretiro-prestazioa jasotzeko baldintzak gogortu egin dira. Gainera, ez da 1260 euroko gutxieneko pentsioa bermatzen, Aranburuk azaldu duenez. Nabarmendu du, halaber, emakumeen %66,7k 1.000 eurotik beherako soldata jasotzen duela, eta pentsiodun guztien %34,5ek ere ez duela kopuru hori kobratzen. Gaineratu du, halaber, ez dagoela inolako errekonozimendu edo konpentsazio ekonomikorik emakumeek doan egindako zainketa-lanerako, eta ez dela inolako neurririk hartzen genero-arrakala murrizteko.

“Eta orain, Escriva ministroak beste urrats bat eman nahi du, 30 urteko pentsioa kalkulatzeko epea handituz. Neurri hori erabat gaitzesten dugula adierazi nahi dugu. Frogatuta dago aldi hori handitzen den urte bakoitzeko pentsioek murrizketa argia dutela eta estaldura-tasa murrizten dutela. Horrela, jasotako azken soldataren eta erretiro-pentsioaren artean gero eta alde handiagoa dago”, kritikatu du.

LABen ordezkariak azaldu duen bezala, ahal dugun guztia egingo dugu pentsioen erreforma hau geldiarazteko: “Gutunak bidaliko dizkiegu Unidas Podemos, EAJ eta EH Bilduri, pentsio sistema publikoaren gaineko murrizketak babestu ez ditzaten exijitzeko nahiz pentsio sistema propio baten beharrizana defendatzeko”.

Aranburuk azaldu duenez, Euskal Herriko gehiengo sindikal eta soziala Madrildik eta Paristik inposatutako erreforma horien aurka agertu da. Ildo horretan, beharrezkotzat jo du Gizarte Segurantzaren Euskal Legea, eta, horretarako mobilizatzen jarraituko dugu. Hala, datorren otsailaren 8rako hitzordua jarri dugu Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Goizeko hamaiketan hasiko da, Hedaiako tren geltokian, eta Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez lelopean egingo da. “Ipar Euskal Herrian bezala, Hego Euskal Herrian ere murrizketek aurrera egiten badute eta pentsioen aurkako beste eraso bat gertatzen bada, gainerako sindikatuekin, gizarte eragileekin eta pentsiodunen mugimenduarekin mobilizatzeko aukera ere baloratuko dugu”, amaitu du Garbiñe Aranburuk.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.