Toki-administrazioko sindikatuok EUDELen zuzendaritzarekin batzartu gara gaur, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan erretiro aurreratua sustatzeko pizgarrien inguruan aritzeko. Toki-erakundeetako beharginen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ Akordioaren 95. eta 96. artikuluetako aurretiazko erretirorako pizgarriak eta horiei buruzko jurisprudentzia berria aztertu dugu eta EUDELek bi artikulu horiek aldebakarrekoz ezabatzeko erabakiaren berri eman digu, inolako alternatibarik zehaztu barik. Aurrekaririk gabeko erabaki oso larria da, negoziaketa kolektiboaren aurkakoa.
Lehenik eta behin, LABek toki-erakundeetako langile-plantilak gaztetzea lehentasunezko helburutzat jotzen duela azpimarratu nahi dugu eta, udal beharginen ordezkapena sustatzeko bide gisa, 2008az geroztik, udaletan enplegu eta arrazionalizazio planak negoziatu izan ditugu.
LABek orain arteko jarrera publikoa berretsi nahi du. Aurretiaz erretiratzeko pizgarri hauek ez dira soldatak. Ez dute izan behar. Dagokien adin legala baino lehenago erretiratzeko hautua egiten duten langileen pentsioetako galera ekonomikoa konpentsatzeko lansariak baino ez dira. Eta horrela izaten jarraitu behar dute.
EUDELi jarrera ausarta, hau da, benetako borondate politikoa izatea exijitzen diogu, aurretiazko erretiroa ahalbidetuko duen legezko marko berri bati dagokionean, segurtasun juridikoa bermatuko duten formulak aztertuz eta negoziatuz.
Toki-administrazioko plantilen gaztetzea inoiz baino beharrezkoagoa delako, mobilizazioa da bidea!