2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEz dugu Nafarroako Kirol Kudeaketako aurreakordioa sinatuko, ez duelako erosteko ahalmena bermatzen,...

Ez dugu Nafarroako Kirol Kudeaketako aurreakordioa sinatuko, ez duelako erosteko ahalmena bermatzen, eta eraginkortasun mugatuko hitzarmen antidemokratikoak kritikatu ditugu

CCOO eta UGT sindikatuek atzo jakinarazi zuten Nafarroako Kirol Kudeaketarako hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatuko dutela. Sektore horrek 100 egun zeramatzan greban, hitzarmen duin baten alde. Baina iragarritako hitzarmenak ez du bermatuko sektoreko langileen erosteko ahalmenari eustea, hau da, pobretuko ditu. Eta ez da hitzarmen demokratiko bat izanen, CCOOk eta UGTk gutxiengoan sinatuko baitute, gehiengo sindikalari bizkarra emanez. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak ez du berretsiko.

CCOOk eta UGTk Kirol Kudeaketaren sektorean duten ordezkaritza ez denez %50era ailegatzen, hitzarmena eraginkortasun mugatukoa izanen da; hau da, horri banaka atxikitzen zaizkionei bakarrik aplikatuko zaie. Gainera, azpimarratu behar da bat egin nahi duten pertsona guztiek ere ezin izanen dutela egin: patronala osatzen ez duten enpresetarako lan egiten duten langileak kanpoan geldituko dira.

Argi eta garbi salatu nahi dugu eraginkortasun mugatuko hitzarmenak, UGTk eta CCOOk erabiltzen dituztenak, antidemokratikoak direla, enpresa edo sektoreetako gehiengo demokratikoei iskin egiten baitiete eta, beraz, langileen gehiengoaren kontra jotzen baitute.

Patronalak “behin betikotzat” jo duen eta negoziazioaren ateak itxi dizkion Kirol Kudeaketari buruzko aurreakordioari dagokionez, deitoratzen dugu 2022, 2023 eta 2024 urteetako soldata igoerak KPIaren igoerarekin ez lotzea, eta, beraz, langileei erosteko ahalmena galaraztea.

Nafarroako KPIaren igoera %6,6koa izan zen 2021ean eta %6,4koa 2022an. Hortik beherako soldata igoerak pobretzea dira, nahiz eta nominan euro gutxi batzuk gehiago agertu. Hori dela eta, LABek ihes egiten du KPIaren igoerari lotuta ez dauden soldata igoeretatik, are gehiago orain, biziaren garestitzea hainbertze goititu den honetan. Langileok gero eta ahalegin handiagoa egin behar izaten dugu argia, erregaia, elikagaiak eta pertsonen oinarrizko bertze behar batzuk ordaintzeko.

Alde horretatik, ez dugu aurreikusten langile klasearen erosteko ahalmena galtzea dakarren hitzarmenik sinatzea. Eta horregatik ez dugu sinatuko Kirol Kudeaketakoa, sektore horretan erosteko ahalmenaren bermea izan baita aldarrikapen nagusietako bat. Begiraleek bertze behin ere desabantaila nabaria dute, eta gerta daiteke 2024rako %0ko igoera izatea.

LABek jarraituko du guztiontzako hitzarmena lortzeko borrokan eta lanean, erosteko ahalmena galdu gabe eta langileendako hobekuntzekin.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.