Irailean, Glovoren kontra bide penalari ekin geniola jakinarazi genuen. Otsailaren 2an, bide horretan pauso bat gehiago emango dugu. Fiskaltzak, Euskal Herrian LABek hasitako bidea Bartzelonako prozesuarekin batzea erabaki du eta horregatik joango gara bertara egun horretan.
Asko dira arlo laboralean Glovoren aurka LABek irabazi dituen prozesuak, asko sindikatuak berak hasiak eta beste batzuk inspekzioak. Horietan guztietan erdietsi den ondorioa argia da: Glovoko langileak ez dira autonomoak, besteen konturako langileak baizik. Glovok ordea, lege, epai eta ebazpenen gainetik nahi duena egiten jarrai dezakeela uste du. Horren aurrean, bide penalari ekin genion.
Egun, langileek besteen konturako langile izaera onartua badute ere epai irmo edota ebazpen bidez, Glovok autonomoen eraentzan altan ematera behartzen ditu, eta ondorioz, erregimen orokor eta autonomoetan, bietan, daude alta emanda. Horrekin batera, enpresak ez dizkie oinarrizko eskubideak onartzen: oporrak, lanaldiak… Horregatik salatu genuen Glovo fiskaltzaren aurrean, langileon eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik, epai eta ebazpen administratiboei entzungor egiteagatik.
LAB parte izan den prozesu laboral anitzen idazkiak aurkeztu genizkion fiskaltzari. Horrekin batera, langileek bizi duten egoera eman genion ezagutzera, dagozkien eskubideak nola urratuak izaten ari diren sistematikoki: gizarte segurantzan altak bi erregimenetan; ez dute soldatarik ordaintzen, fakturak igortzen dituzte langileok autonomoen erregimenean altan egotera behartuz; aldebakarreko lanaldi aldaketa etengabeak, bide judizialean baliogabeak deklaratuak izan direla asko; deskantsu baldintzen urraketak; eta abar luze bat, luzeegia. Fiskaltzak, Euskal Herrian LABek hasitako bidea Bartzelonako prozesuarekin batzea erabaki du eta horregatik joango da LAB Bartzelonara otsailaren 2an. Glovoren aurkako epaiketa honetan, LAB sindikatuak emandako urratsak ezinbestekoak direlako. Hau da, LAB sindikatuari esker, gertuago gaude Glovori behingoz nahi duena egiteari mugak jartzeko.
Langileen antolakuntzarekin dena delako posible, baita Glovo bezalako munstro bat ere ataka larrian jartzeko ere. Euskal Herriko riderrak LABen bulegoetara hurbiltzen jarraitzeko deia egiten dugu, geroz eta gehiago garelako eta horrek geldiezin egingo gaituelako!