2024-11-25
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaKudeaketa klinikoko unitateak, produktu toxikoa osakidetzan

Kudeaketa klinikoko unitateak, produktu toxikoa osakidetzan

Edurne Agirre (Osakidetzako LABeko Arduraduna) eta Latxe Uranga (Usansoloko Ospitaleko LABen delegatua)

Autonomia Elkarteetan Kudeaketa Klinikoko Unitateak sortzeko asmoz Gobernu espainiarra Dekretu bat prestatzen ari zela adierazi zuen aurreko urtean LAB sindikatuak, eta Kudeaketa Klinikoko Unitate (KKU) delako hauek osasungintzaren pribatizazioan urrats bat zirela ohartarazi genuen. Bada, ekainaren 28an, Osasungintzako Mahai Sektorialean sindikatuoi aurkeztu ziguten Dekretu proposamen bat, non bi gai arautzen diren: Batetik, Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) delakoen egiturararen antolaketa eta, bestetik, KKUen sorrera eta funtzionamendua.

Hortaz, lantokietan antolaketari dagokionez bi elementu berri ezartzen ditu Osasun Sailak: Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) Lehen Arreta eta Arreta Espezializatua elkartzen dituzten egiturak dira eta ekonomia-finantza zein kudeaketa aldetik autonomia dute. Kudeaketa Klinikoko Unitateak (KKU) berriz, pertsona, teknologia eta azpiegitura multzoak elkartuko dituzte, eta zentru bakoitzeko gerentziarekin sinatuko den kudeaketa-klinikoa kontratu baten baitan izango dira.

Aipatu beharra dago ESIak 2011. urteaz geroztik Osakidetza osoan ezarri direla, osasungintzako alde sozialarekin inolako adostasunik gabe. LABen ustez, ESIen sorrerak Arreta espezializatuak Lehen Arreta xurgatzea ekarri du. Osasunaren prebentzio eta sustapen lanak urriagotuak eta kaltetatuak suertatu dira.

Baina ESIez gain, Osakidetzak komenigarria deritzon lekuetan Kudeaketa Klinikoko Unitateak ezarri nahi ditu. KKU mota desberdinen artean, badira ESI bateko edo batzuetako zerbitzuak Osakidetzarekin hitzarmenak dituzten ospitaletako zerbitzuekin bategiten dituztenak. Hau da, ospital pribatuekin. Gainera, Dekretuak garbi adierazten du nortasun propioa izango duten Zerbitzu Erakundeak sortu ahal izango direla, eta begibistakoa da elkarren artean lehiatuko diren mikroenpresak bihurtuko direla hauek azken finean. Dekretu honen bidez, Osakidetza euskal osasungintza publikoarentzako erabat toxikoa den kudeaketa enpresarial eredua inposatzen ari dela salatzen dugu LAB sindikatutik.

Beste Autonomia Elkarte batzuetako esperientziek (Andaluzia, Asturias, Catalunya, Gaztela-Leon) garbi asko erakusten dituzte Kudeaketa Klinikoko Unitate hauen arriskuak.
Baina, nola funtzionatzen du KKU batek? Osasun Sailak KKU delakoei aurrekontu batzuk transferitzen dizkie, helburu batzuk lortzearen truke. Baina helburu hauek ez dira lotuta izaten populazioaren osasunean eragiten duten faktoreekin (ingurumena, lana, faktore sozialak…). Aitzitik, osasun baliabideen kontsumoa (diagnostiko-frogak, espezialistenganako deribazioak, ospitalizazioak, farmazia, langile sanitario eta ez-sanitarioen ordezkapenak ez egotearen ondorioz…) murrizteko helburua izaten dute. Kudeaketa Klinikoko Unitateetan profesionalen eta unitateen arteko lehia sustatzen da, eta pizgarriekin saritzen dira ezarritako helburuak lortzen dituzten KKU horietako langile sanitarioak. Kudeaketa Klinikoko Unitateetako zuzendaritzak arrunki langile fakultatiboz osatuta egoten dira, nahiz eta erizaintzako pertsonalari ere parte hartzeko aukera ematen zaion. Horregatik, pastelaren banaketan parte hartu ahal izatearen truke, 2013ko uztailean Sindikatu Medikoak eta Erizaintza Sindikatoak (SATSE) “Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasun eta kalitatearen aldeko Ituna” sinatu zuten.

Kudeaketa Klinikoko Unitateenganako benetako interesa zein den erakusten duen beste froga bat: Sindikatu Medikuen Estatu Konfederakundearen agiri batetan adierazten da Unitate hauetan parte hartzeko atxikimendua borondatezkoa izan behar dela, baina borondatezko partehartze honek pizgarriak behar dituela, pizgarri hauek ekonomikoak izan behar direla, eta kopurua ezin dela izan 12.000 € baino txikiagoa, hilabetero mediku bakoitzeko. Nola geratuko da osasun arreta helburu ekonomizisten eraginpean badago?

EAJ alderdiak osasun alorreko murrizketak gauzatzearen eginkizuna osasun langileen gain uztea itxuragabekeria iruditzen zaigu, osasungintza publikoa errotik kutsatzen baitu. Pauso honekin alderdi jeltzaleak agerian uzten du bere jarrera neoliberal eta merkantilista, baina aurrez aurre izango gaitu osasungintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugunak. Behin eta berriz gogoraziko diegu osasugintza ez dela beraien jabetza. Herritar guztiona da eta herri honetan bizi garen guztion arteko adostasuna behar du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Elgoibarko Egondoko langileek mobilizazioei ekin diete enpresa-itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa dela eta. Gaur ere mobilizazioa egin dute, eta beste horrenbeste egingo dute aste honetako asteazken eta ostiralean ere.

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.