2024-11-23
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak euskal gehiengo sindikalak zapuztu nahi ditu

Eusko Jaurlaritzak euskal gehiengo sindikalak zapuztu nahi ditu

ELA eta LABek Eusko Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari zuzendutako proposamen baten berri izan dugu (bide ez ofizialetatik). Jaurlaritza mahai horretako partaidea da, Confebask, CCOO eta UGTrekin batera. Dokumentuan jasotzen denaren berri emanez agerraldia eskaini dute bi sindikatuek. Besteak beste gutxiengo sindikalarekin akordioak egitea eta orokortzea proposatzen da. Horregatik Angel Toña Sailburuaren dimisioa eskatzen dugu.

Testuan jasotzen denaz guk ondoko konklusioak ateratzen ditugu:

1. Elkarrizketa Sozialerako Mahaira bidaltzen den idatzian, gutxiengo sindikalarekin akordioak egitea eta orokortzea proposatzen da; bide hau proposatzen dute negoziazio kolektiboa zuzentzen duten joko arau demokratikoen alternatiba bezala. Hau da idatzian esaten dena (gazteleraz jaso dugu, jatorrizko testua errespetatuz): “las circunstancias que actualmente rodean a la negociación colectiva en Euskadi están impidiendo en muchos casos la suscripción de convenios de eficacia general… lo que en ocasiones puede constituir, en opinión de los firmantes del presente acuerdo, una perversión de la propia negociación sectorial”. “Ante tales circunstancias… puede resultar adecuado… suscribir convenios de eficacia limitada…”.

2. Negoziazio kolektiboan “bizi den egoeraz” hitz egiten dutenean gehiengo sindikalaz ari dira, lan eskubideekin eta eskubide sozialekin konpromisoak dituen gehiengo sindikalaz hain zuzen ere. Ez ditugu lan erreformak onartzen, ezta Confebaskek erreforma hauetaz egin nahi duen aplikazioa. Hortan dago gehiengo sindikala. Langileen %59.20 ordezkatzen duen gehiengoa, %29.74 ordezkatzen duen gutxiengoaren aurrean. Jokamolde honekin Jaurlaritzak argi erakusten du euskal langileek modu demokratikoan hautatu duten ordezkaritza baztertzeko eta ukatzeko borondatea duela.

3. ELA eta LABek gogora ekarri nahi dugu Confebask ELA eta LABeri sindikatu izaera kentzen saiatu zela, iniziatiba hau horren segida da. Saiakera hura ez zen aurrera atera, baina nolako patronala dugun ikusteko balio izan zuen. Jaurlaritzak Confebask Elkarrizketa Sozialerako Mahaia deitzen dioten horretan mantendu zuen, asmo horren berri izan arren, ezer gertatu ez balitz bezala.

4. Bistakoa da Jaurlaritzak proposatzen duen bide honek patronala egoera ezin hobean utziko lukeela negoziazio kolektiboan: gehiengoei muzin egiteko arazorik gabe, bere mintzakideak aukeratu ahal izango ditu akordio eroso eta merkeak egiteko langile klasea pobretzea beste helbururik ez duen bidean aurrera egin ahal izateko.

5. Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk konpartitzen duten marko hau eta ELA eta LABek defendatzen dugun Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Markoa bateraezinak dira. Ez dira bateragarriak mahai honetan euskal langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituzten aldarrikapenak baztertzen direlako. Eta ezin dira bateragarriak izan joko arau demokratikoak urratzen dituelako. Ez dago Euskal Esparrurik eduki sozialik ez badago, ez dago Euskal Esparrurik joko arauak demokratikoak ez badira.

6. ELA eta LABek Eusko Jaurlaritza salatzen dugu argi eta garbi egiten duelako patronalaren interesen alde; eta euskal langileen erabakiak gutxiesten dituelako.

Guzti honegatik, eta Jaurlaritzak egiten duen proposamenaren larritasuna ikusita, ELA eta LABek Toña jaunaren dimisioa eskatzen dugu.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.