2024-07-22
HomeEkintza SindikalaCCOO eta UGT sindikatuek bertze behin ere Nafarroako Konponketa Tailerretako langileak saldu...

CCOO eta UGT sindikatuek bertze behin ere Nafarroako Konponketa Tailerretako langileak saldu dituzte patronalaren mesedetan

Ia bortz urtez luzatu den negoziazio baten ondoren, borrokatzeko asmorik gabe eta lau urte negoziazio horietatik ezabatuz, CCOOk eta UGTk akordio txar bat erdietsi dute Konponketa Tailerretako patronalarekin. Sinatu duten ogi-apurren akordioak zazpi urteko indarraldia du: lehenbiziko laurak pasatu dira eta ez zaie soldaten igoerarik aplikatuko, eta hurrengo hirurei ez zaie KPIaren igoera bermatuko.

Inongo sorpresarik gabe, enegarren aldiz, CCOOk eta UGTk langileentzako kaltegarria den akordio bat erdietsi dute patronalarekin, oraingoan Nafarroako Konponketa Tailerretako hitzarmenean. Sorpresarik ez duela suposatu erraten dugu ez delako horrelako zerbait gertatzen den lehenbiziko aldia eta bageneramatzalako aste batzuk, akordio duin bat exijitzeaz gain, CCOOri eta UGTi eskatzen sektoreko langileak ez saltzeko.

Tamalez, patronalari mesede egitea lehenetsi dute eta zazpi urteko iraunaldia duen hitzarmenean, lehenbiziko lauretan ez da inongo soldata igoerarik egonen, urte horietan KPI %3,2 goitu zen arren, eta bertze hiru urteetan KPI bermatuko ez duten igoerak adostu dituzte, “konpentsazio” deitzen dituztenak, baina benetan ez direnak.

Arlo ekonomikoko adostasun eskas horretaz gain, gutxi gehiago aipatzen ahal da sinatutakoaz, lorpen sozial moduan saldu dituzten puntuak edo orokorkeriak direlako, inongo zehaztapenik ez dutenak, edo dagoeneko legediak onartzen dituen erregulazioak direlako.

Beraz, bortz urte hauetako negoziazioaren emaitzaren laburpena hurrengoa da: lau sosen truke patronalaren sindikatuek sektoreko langileak saldu dituzte. Azken hilabeteetan anitzetan errepikatzera behartuak izaten ari garen laburpen tamalgarria, beraz.

LABen alternatiba garbia da: borroka eta oinarrizko eskubideen defentsa irmoa, eremua edozein dela ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.