2024-11-23
HomeEkintza SindikalaNafarroako adineko egoitzetako langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu

Nafarroako adineko egoitzetako langileen lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berresten dugu

Nafarroako adinekoen zentroen sektoreko langileek, LAB, ELA, eta UGT sindikatuen bitartez antolatuta, lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa berretsi nahi izan dute gaur Iruñean egindako agerraldian. Borroka honetan jarraitzen dute patronalen eta Gobernuaren aurrean, eta bat eginda jarraitzen dute, indartsu.

Oraingo honetan bost greba egun jarraian egitea erabaki dute.

Laster bi urte izango dira sektorerako hitzarmen bat negoziatzeko mahaia eratu zenetik. Baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmen bat behar da, hilaren amaierara iristeko aukera emango diena soldatak igoz, langileen bizi-baldintza materialak hobetuko dituena, eta, horrekin batera, beraien bizitzaren kalitatea ere hobetuko duena.

Langileen ongizaterako oinarrizkoak eta funtsezkoak diren aldarrikapen horien aurrean, zaintza sektorea negozio-nitxo gisa tratatzen duten patronalak ditugu, langileak etekinak optimizatzeko baliabide huts gisa erabiltzen dituztenak. ANEA eta LARESek, sektoreko bi patronalek, lanera gaixorik edo osasun-arazoekin joan behar izatea eragiten dute. Langileen baja medikuak ez daude osatuta, hau da, prestazioari dagokion ehunekoa baino ez dute kobratzen bajan dauden bitartean. Kobratzen dituzten soldata baxuak direla eta, ekonomikoki ezinezkoa da soldataren zati bat soilik jasotzea, eta beraz, osasun-egoera onean egon gabe lanera itzultzera behartua ikusten dute beraien burua.

Nafarroako Gobernuak finantzatzen du sektore hau eta horregatik dauka patronalek bezain besteko
ardura sektoreko baldintza prekarioak mantentzean.

Ez dugu proposamen miserablerik onartuko eta horregatik, LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ziur gaude Nafarroako sektoreko langile guztientzako hitzarmen duina hemen eta orain posible dela, elkarrekin lor dezakegula. Ez da gutxi orain arte egindako ahalegina, baina gogor jarraitu behar dugu. Geure burua ikusarazi, eta gure aldarrikapenak entzunarazi. Ahotsa altxatzeko unea da, eta inoiz baino ozenago gure ahotsa entzuteko unea.

Urtarrilaren 16, 17, 18, 19 eta 20an greba egingo dugu, gutxieneko zerbitzu abusiboek ahalbidetzen
duten neurrian, indarrak batu, irten eta kaleak bete. Egun horietako mobilizazioetan parte hartu
behar dugu, urte luze honetako ahaleginak eta borrokak azkenean fruitua ikus dezan. Erakuts
diezaiegun urtarrilaren 20ko manifestazioan, 17: 00etan Misericordiatik aterako dena, merezi dugun
hitzarmena lortu arte ez garela geldituko.

Hau langileon borroka da, baina baita zaintza-lana funtsezkotzat jotzen duten pertsona
horien guztien borroka ere. Bizitza erdigunean jartzea zaintzen dugunon lana aitortzea ere bada.
Kalean ikusiko dugu elkar. Hitzarmena eta baldintza duinak orain!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.