2024-11-21
HomeEkintza SindikalaBizkaiko metalgintzako langileon borroka babesteko eta deklaratzera deituta dauden 8 pertsonei elkartasuna...

Bizkaiko metalgintzako langileon borroka babesteko eta deklaratzera deituta dauden 8 pertsonei elkartasuna adierazteko mobilizatu gara

Gaur, eta urtarrilaren 12an eta 18an, 6 langilek deklaratu beharko dute Bilboko, Barakaldoko eta Durangoko epaitegietan, hurrenez hurren, Bizkaiko metalgintzako 11 greba-egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik.

Deklarazio berri hauekin, 8 langile izango dira guztira, epaitegietatik pasatu beharko direnak, eta epaiketa bati aurre egin diezaioketenak. Salaketak askotarikoak dira, desordena publikoak zein agintearen aurkako atentatua. Gainera, hamarnaka isun ekonomiko jaso dira, 150 €-tik 900 €-ra bitartekoak. Badakigu ez direla azkenak izango, 2019ko greben esperientzia dugu, non 17 pertsonak epaitegietatik igaro behar izan zuten (batzuek espetxe-eskaerekin) eta isun ekonomikoak ugariak izan ziren.

Horren aurrean, gaur Bilboko epaitegietan, eta urtarrilaren 12an Barakaldoko (11:00) eta 18an Durangoko (10:00) epaitegien aurrean mobilizatuko gara, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten aldeko langileon borroka babesteko eta deklaratzera deituta dauden pertsonei elkartasuna adierazteko.

Salaketa guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu, Ertzaintza langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatzen eta jipoitzen aritu baita, 7 pertsona ospitaletik pasatu behar izan baitira, mobilizazioetan erabilitako basakeria polizialaren ondorioz.

Aldi berean, Ertzaintzak modu horretan jarduteko duen zigorgabetasun hori erabaki politiko batean oinarrituta dagoela salatu nahi dugu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabaki bat da. Metaleko milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu duten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren estrategia, Bizkaiko metaleko borrokaren arrakasta ezkutatzeko.

Horrek guztiak helburu argia du: lan-baldintza duinen eta enpleguaren defentsan langileon borroka kriminalizatzea, 2019an eta beste gatazka batzuetan gertatu zen bezala, hala nola Tubacex, PCB, Petronor, Artiach…

Beraz, agerian da Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, patronalaren alde egitea erabaki duela. FVEMek urtebete baino gehiago darama hitzarmena blokeatzen, enpresetan sortutako etekinak modu justuan banatzeari uko egiten dio, edozein langilerentzat hilabetearen amaierara iristea gero eta zailago den momentu honetan. Bizkaiko metaleko langileei diruzale deitzeko ausardia izan du FVEMek, 2022an enpresen % 80k baino gehiagok espero irabaziak handituko dituztela ziurtatu duten bitartean.

Negoziazioan erabateko blokeoa eta patronala nagusikeriaz ari den momentuan, Eusko Jaurlaritzak, ekarpen eta inplikazio handiagoa izateari lehentasuna eman beharrean, negoziazio mahaian bi aldeen arteko oreka egon dadin,Bizkaiko metaleko langileen protesta legitimoak zirikatzera bidali du Ertzaintza.

Arrazoi guzti hauengaitik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu utz diezaiola Bizkaiko

metaleko langileon borroka kriminalizatzeari, bertan behera utz ditzala langileen kontrako isunak eta salaketak. 56.000 familiari eragiten dien hitzarmen baten aurrean erantzukizuna bere gain hartzea.
Bizkaiko gizarte osoari dei egiten diogu mobilizazioetan parte har dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.