2024-07-22
HomeEkintza SindikalaBilboko Udaleko aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Bilboko Udaleko aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu dugu

Gaur Bilboko Udalaren 2023ko aurrekontua onartzeko azken Udalbatza egin da. Bertan, LABek aurkeztutako zuzenketa eztabaidatu da, eta ez da onartu. Honetaz gain, sindikatuak mobilizazioa egin du Udaletxearen kanpokaldean, aurrekontuotan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatzeko.

LABen arabera, udal aurrekontuek herritarren beharrei erantzun beharko liekete. Horretarako, kalitatezko zerbitzu publikoen garapena lehenetsi beharko litzateke, denon artean sortutako aberastasunaren banaketa zuzena ziurtatuz. Hala ere, aurten ere, Bilboko Udaleko aurrekontuak ez du helburu hori beteko eta LABek zuzenketa egin dio aurrekontu honi.

Gaur onartu den Bilboko Udalaren 2023rako aurrekontuak, berriro ere, ez die erantzungo:

  • Udaleko langileekin hartutako konpromisoei.
  • Osoko Bilkuran onartutako Gizarte Politiken Itunari, ez duelako behar adina diru bideratzen itun hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko.
  • Herritarren eta udaleko langileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planari, ez baitu Plan hori garatzeko behar diren langileak kontratatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura ematen.
  • Ez du emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten. Berdintasun Saila sortu zutenetik arlo honetako teknikari bakarra dago. Berdintasun-planak eta ordenantzak onartzea baliabide nahikorik ipini barik marketing eta iruzurra hutsa besterik ez da.

EAJ eta PSEk osatzen duten Bilboko Udal Gobernuak berdin jarraitzen du eta agintaldiko azken hilabeteotan, aurrekontuetan aldaketak egiteko aukera paregabea pasatzen utzi du.

Baina ez hori bakarrik, Udalak enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna ez du bere gain hartu nahi.

Egun, kontrata askotan lana prekarizatuta dago, are gehiago sektore feminizatuetan (lanaldi partzialak, behin-behinekotasuna…), kasu batzuetan ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren oinarrizko alderdiak, hala nola atsedenerako eskubidea. Udalak adi egon beharko luke eta espedientea egin beharko lituzke lan arloko araudia betetzen ez duten kontratak.

Aipamen berezia egin nahi diogu Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen borrokari. Kolektibo honek 2015etik aurrera soldatak izoztuta ditu, nahiz eta Udalak zerbitzuagatik ordaintzen duen prezioa % 20an igo duen. Orain arte 57 greba egun eta mobilizazio ugari egin dituzte. Argi dute hitzarmen duin baten alde borrokatzen jarraituko dutela hori lortu arte.

Garaia heldu da. Kontratazioen baldintza-agirietan, bai udalarenetan bai udal enpresenetan, langileen lan-baldintzak prekarioak izan ez daitezen beharrezkoak diren klausulak sartu behar dira, hala nola:

  • Gutxieneko soldata: 1400 euro.
  • Herrialdeko lan hitzarmena betetzea.
  • Subrogazioa.
  • Kontratu mugagabeen kopurua saritzea.
  • Lanaldi osoen kopurua saritzea
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak sartzea, soldata arrakala besteak beste.

Beste urte batez, Udal Gobernuak ez du bere gain hartzen enpleguaren prekarizazioan duen erantzukizuna. Izan ere, enpresen etekina lehenesten jarraitzen du pertsonen bizi-kalitatearen gainetik. Gero eta langile pobre gehiago sortzen laguntzen ari da, enpresa pribatuen etekinak handitzeko.

Horrela, Bilboko Udaleko aurrekontuetan zerbitzu publikoak garatzea eta kontratetan prekarizazioa saihestea eskatu du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.