2024-11-23
HomeUncategorizedGaur gaurkoz Hezkuntza Sailak ez du bermatzen murrizketa gehiagorik izango ez...

Gaur gaurkoz Hezkuntza Sailak ez du bermatzen murrizketa gehiagorik izango ez denik

Sindikatuok ezinbestean lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea eskatu diogu gobernuari, baina honek asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” ahaleginez harago ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.

Gogoratu beharrean gaude azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dizkigula Jaurlaritzak. Milaka lanpostu aurreztu ditu geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez, erretiroa atzeratu eta oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu… Honek gogor eraso die lanpostuei, lan-baldintzei eta hezkuntza kalitateari.

Orain irakastorduak gehitzeak eta ordezkapenak atzeratzeak milaka lanpostu desegitea eta lan-kargak biderkatzea eragingo luke, eta kinka larrian jarriko lituzke hezkuntza berdintasuna eta kalitatea.

Hau guztia kontuan harturik, sindikatuok Jaurlaritzari eskatu diogu ezinbestean inolako lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea.
Gobernuak ordea, asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” proposamenez harago, ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.

Sindikatuok inola ez dugu onartuko lanpostuetan, lan-kargetan edota ordezkapenen atzeratzean ondoriorik izango duen murrizketarik, ez Jaurlaritzak errege-dekretua eta Auzitegi Konstituzionalaren murrizketak osotasunean ezartzen dituelako, ezta modu partzialean edo “arinagoan” ezartzen dituelako ere.

Prest gaude honen guztiaren inguruan hitz egiteko eta neurri hauek indargabetzeko moduak bilatzeko, baina Jaurlaritzak murrizketa neurri berri hauek inolako ondoriorik izango ez dutela bermatzen ez duen bitartean, pasa den astelehenean iragarritako mobilizazio eta greba proposamenak bere horretan mantenduko ditugu. Gaur bertan, ikastetxeetan goiz osoan zehar eta 12:45etan lurraldeetako hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratzeak egin ditugu, eta irailerako, ikasturte hasierarekin batera, greba egunak deituko ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.