2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakBulego eta despatxuakBizkaiko bulego eta langeletako langileak kalera aterako dira abenduaren 22an hitzarmenaren alde

Bizkaiko bulego eta langeletako langileak kalera aterako dira abenduaren 22an hitzarmenaren alde

Bizkaiko bulego eta langeletako 30.000 langileek 10 urte daramate hitzarmenik gabe. Gaur, propaganda banatzen aritu dira Bilboko metroko geltokietan eta prentsaurrekoa egin dute Unamuno plazan, hitzarmena lortzeko kalera aterako direla iragartzeko, patronalak ez dielako inolako irterbiderik ematen. Horrela, abenduaren 22an, 19:00etan, manifestazioa egingo dute Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta, LAB, ELA, CCOO, UGT eta CGT sindikatuek deituta.

Sindikatuon arabera, patronalak presioa sentitu behar du, interpelatua sentitu behar da eta sektoreko langile guztien artean lortu behar dute hitzarmen berria. Ezin dituzte soldatak beste minutu batez ere izoztuta eduki. Azken urteotan, KPIaren igoeren ondorioz, Bulego eta Langeletako sektoreko eros-ahalmenaren galera gero eta handiagoa da, eta langileek ez dute onartuko. Hori dela eta, datorren abenduaren 22ko manifestazioan parte hartzera dei egiten diete langileei.

Bada garaia langileak entzun ditzaten. Bada garaia Bizkaiko bigarren sektore handienari bere eskubideak aitortzeko. Bada garaia Bizkaiko Bulego eta Langelen sektorea osatzen duten 30.000 langileek eurena denaren alde borroka egin dezaten. Bada garaia patronalak euren hitzarmena bahitzeari utz diezaion.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.