2024-12-21
HomeEkintza SindikalaMartxa egin dute Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino Osakidetzako garbiketa azpikontratetako bigarren greba egunean

Martxa egin dute Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino Osakidetzako garbiketa azpikontratetako bigarren greba egunean

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio printzipioaren aldeko hiru greba egunetako bigarrena egin dute gaur Osakidetza garbiketa azpikontratetako langileek. Atzo EAEko hiru herrialdeetan egindako mobilizazioen ondoren, gaurkoan bakarra egin dute, Bizkaian, martxa bat Barakaldoko Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino, Bilbon.

Bihar egingo dute hirugarren greba eguna eta Donostia ospitalean (10:30), Gasteizko Olagibel kaleko osasun etxean (10:30) eta Bilbon mobilizatuko dira. 11:00etan abiatuko dira Basurtoko ospitaletik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino (Kale Nagusia, 85) eta ekitaldia egingo dute bertan, 11:30ean.

Kolektibo honetako langileek 5 urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzte arren, ez da aurrera pausorik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.

Langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan.

Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun.

Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratu eta grebara atera dira gaur, hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatukoz. Erakutsi dute ez daudela prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko eta horrela, erantzun zabala izan du gaurko grebak, eta bihar eta ostiralerako deitutako deialdiek ere erantzun zabala izango dutela espero dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...