2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEAEko Hezkuntzako langileen %60k bat egin du sindikatuok deitutako grebarekin

EAEko Hezkuntzako langileen %60k bat egin du sindikatuok deitutako grebarekin

Haurreskoletan eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan bereziki izan du eragina grebak. Manifestazioa egin dute gaur Gasteizen, eta mobilizazioak egingo dituzte arratsaldeko 18:00etan EAEko hiriburuetan.
“PUBLIKOA, EUSKALDUNA eta PROPIOA helburu” lelopean LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok hezkuntza legea langileekin eraikitzeko eskatuz deitu dugun bigarren greba eta mobilizazio egunean jarraipena oso zabala izan dela adierazten dugu. Gaur, azaroak 30eko greba egunean bezala, 30.000tik gora dira EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deituriko langileak: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak. Bataz beste langileen % 60ak bat egin du grebarekin eta azpimarratu nahi dugu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan jarraipena nabarmen handiagoa izan dela. Bestetik, azaroak 30ean bezalaxe Gasteizen ere milaka izan dira deitu dugun manifestaziora gerturatu diren langileak. Arratsaldeko hiriburuetako mobilizazioetara ere, aurrekoan bezala horrelako erantzuna espero dugu.
Gaurkoan Legebiltzar aurretik pasa eta Jaurlaritzari ozen adierazi diogu:
• Plazaratu duten Hezkuntza Lege aurreproiektuari EZ esaten diogula.
• Hezkuntza Legean eta Hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dugula.
• Balizko hezkuntza legerik izango bada langileokin eraikitakoa izango dela.
• Eta Publikoa, euskalduna eta propioa izango den hezkuntza sistema bat helburu izanik mobilizatzen jarraituko dugula gure Hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketak bultzatzeko. Egungo sistema betikotzeko lege, dekretu edo aginduak ez ditugu behar, eredu duala gainditze bidean jarri behar da eta langileon lan baldintzak eta lanpostuak aintzat hartu.
Beste behin ere argi geratu da hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroak ez dituela langileak asetzen eta ez duela egungo hezkuntza-eredu duala gainditze bidean jartzen. Beraz, eskoletatik eta kaletik borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko. Horregatik, arratsaldeko 18:00etan ere Gasteiz, Donostia eta Bilbon deitu ditugu hezkuntza sistemako langile guztiak.
Hauek dira gure aldarrikapenak:

  1. Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
  2. Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.
  3. Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
  4. Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
  5. Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
  6. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
  7. Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
  8. Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
  9. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
  10. Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
    Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun greba eta mobilizazioak baloratuko ditugu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.