Berriobeitiko (Nafarroa) Saint Gobain Abrasivos enpresan 56 urteko langile bat hil da gaur; bere lanpostura sartzera zihoala ondoezik sentitu eta bertan hil da. Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasuna eta samina adierazi nahi die senide, lagun eta lankideei. Bertzetik, LABek salatu nahi du gaurko hildakoarekin dagoeneko 68 direla Euskal Herrian 2022an lanean edo laneko bidean hil diren langileak. Hartara, 2021eko marka berdindu da.
LAB sindikatuak behin eta berriz salatu du enpresa gehienetan ez dutela betetzen lan osasunerako araudia eta heriotz gehienak lan istripu traumatiko ekidingarriek sortuak direla. Eta gobernuek, Txibiterenak zein Urkullurenak, ez dituzte dagozkien tresnak erabiltzen patronalari araudia betearazteko.
Urtea bukatzeko hilabete falta delarik, argi dago iazko datu latzak gaindituko direla eta horrek hausnarketa sakona egitera garamatza halabeharrez. Sarraskiak bistan uzten du lan osasuna agenda politikoan kokatu behar dela eta egoerak erabaki politiko zintzoa behar duela behingoz norabidea aldatzen hasteko.