2024-11-25
HomeEkintza PolitikoaNafarroako Gobernuak presioei amore eman eta berriz ere Lan Epaitegitik kanpo utzi...

Nafarroako Gobernuak presioei amore eman eta berriz ere Lan Epaitegitik kanpo utzi du LAB sindikatua

1996an, CEN patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen artean sinatu zen “Nafarroako Lan Epaitegia” eratzeko akordioa; auzitegi horrek hasieratik baztertu du sistematikoki LAB sindikatua. Azken hilabeteetan demokratizatzeko eta berritzeko ireki den aukeraren aurrean, Gobernuak amore eman du CENeko enpresaburuen eta UGT eta CCOO sindikatuen presioen aurrean, ezer alda ez dadin.

Azken hilabeteeotan, Erregimenaren txiringitoa amaitzeko eta apartheid-a gainditzeko bere eskakizun historikoekin bat etorriz, LABek bilerak egin ditu CENekin, UGTrekin eta CCOOrekin, baita Nafarroako Gobernuarekin ere, hamarkadetan zehar jasandako bazterkeriarekin bukatzeko. Hala ere, batez ere CENekoen eta UGTkoen jarrerak zorrotzak izan dira: LABek Lan Epaitegian parte hartzea, bere printzipioei uko egin gabe, onartezina litzateke, bere garaipena eta Elkarrizketa Sozialaren porrota ekarriko lukeelako. Bestela esanda, LAB Lan Epaitegitik kanpo nahi dute eta ez dute onartuko parte hartzea eliteen printzipioak bere egiten ez baditu.

Eskuina Nafarroako erakunde nagusietatik bota zenetik, LAB sindikatuak berretsi eta eskaini die Nafarroako Gobernuei lan-harremanetan aro berri bat irekitzeko aukera.
Uxue Barkosen Gobernuaren garaian, Nafar Lansarerekin gertatu ez bezala, ez zen borondaterik egon finantzaketa publikoa duten gainerako organoak erabat demokratizatzeko. Gainera, Navarra Sumarekin eta PSNrekin batera, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik eliteen kontseilua, Elkarrizketa Soziala izenekoa, indargabetzea eragotzi zuten. Eta Maria Txibiteren egungo Gobernuan ere ez dago inolako borondaterik, iraganeko etapekin dituen loturengatik eta “CEN, CCOO eta UGT sindikatuak ez dira ukitzen” Erregimenaren esaldi horrengatik.

Gobernuraino eta Parlamenturaino iritsi diren presioak

Nafarroako lan harremanak demokratizatzeko bidean edozein aurrerapen eragozteko CEN eta UGTren presioak eta oztopoak maila gorenekoak izan dira; CCOOren inakzioa eta eskuinaren estaldura izan dute lagun, gainera. Parlamentuan sindikatuekin egindako bilkura batean, Bitartekaritzari buruzko Foru Legeari buruz, Navarra Sumaren ordezkaritzak LABi galdetu zion ea sindikatu honentzat beste epaitegi bat sortu behar ote zen, egungo txiringitoa ez ukitzeko. Eta Gobernuak ere bere burua behartuta ikusi du Lan Epaitegian ez sartzera Bitartekaritzari buruzko Foru Legearen proiektuan, nahiz eta Epaitegi horren finantzaketa bere kontura izan.

Langile klaseak eta, oro har, Nafarroako gizarteak ez dute ulertzen eragile horiek oraindik ere iraganeko tresnei eta, batez ere, konponbiderik ematen ez duen eta Nafarroako gehiengo sozialaren bizi- eta lan-baldintzak okertzen laguntzen duen dinamika antzuari eusten jarraitzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.