2024-11-22
HomeEkintza SindikalaKalitatezko hezkuntza-sistema bermatuko bada Nafarroan, ezinbestekoa da ratioen jaitsiera erreal eta eraginkorra

Kalitatezko hezkuntza-sistema bermatuko bada Nafarroan, ezinbestekoa da ratioen jaitsiera erreal eta eraginkorra

Sistema publikoa eraisteko ahalegina, tamalez, egiazkoa da, eta, Foru Administrazioaren gainerako arloetan gertatzen den bezala, Hezkuntzan ere zerbitzu publikoen kalitatea kaltetuko duten murrizketen garaia datorrela ikusten dugu. Baina, aldi berean, jaiotza-tasaren beherakadak aukera paregabea eskaintzen digu hezkuntza-kalitatean eragin zuzena izango lukeen ratioen jaitsiera aplikatzeko. Hezkuntza sektoreak ere, zerbitzu publiko orok bezala, kalitatea eskaini behar duela aldarrikatzen du LABek, eta hori ikasle guztien beharrak erdigunean jarriz lortuko da.

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitaterako Itunak, egun, honelako ratioak (ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua) ezarriak ditu: 25 ikasle Haur eta Lehen Hezkuntzan, 30 Bigarren Hezkuntzan eta 33 Batxilergoan. Jaiotza-tasaren beherakadak ez dakarkio aurreikuspen onik ikastetxe askori: talde gutxiago, ikasgelen itxiera eta irakasleen galera. Horregatik, kalitatea eta lanpostuak mantenduko badira, ratioak benetan eta modu eraginkorrean jaitsi behar dira.

Era berean, ratioen jaitsiera horrek eragin zuzena izango luke ikasleen aniztasunari eskaintzen zaion arretan. Kontseilariari askotan entzun izan diogun kontzeptua da hori, harrotasunez beterik botatzen duena, baina egiazki, beharrezko diren baliabideak jartzen ez diren bitartean, praktikara eraman ezin dena. Premia bereziak dituzten ikasleek hainbat espezialistaren (PTak, orientatzaileak…) laguntza erreal eta inklusiboa behar dute; arreta ia guztia halako gainzama duten hezkuntza-laguntzako espezialisten bizkar utziz gero, ezin da aurrera egin, eta hori da gaur egun gertatzen dena. Iritsi da ordua Departamentuak hainbatetan errepikatu dituen edukirik gabeko hitz hutsak alde batera utzi eta behingoz ikasleen aniztasunari behar bezalako erantzuna emateko.

Gaur egun irakasleek pairatzen duten zama burokratikoa ere ezin dugu ahaztu, ikasleei behar bezalako zerbitzua emateko enegarren traba baita. Egun, baina bereziki LOMCE indarrean sartu eta ikastetxeetan lehenbailehen aplikatzeko agindua jaso genuenetik, irakasleek gero eta denbora gehiago eskaintzen diegu lan burokratikoei (nahiz eta askotan espedientea betetzeko baino ez izan), eta gutxiago irakasle-lanean aritzeari. Ratioen jaitsierak, beraz, ikasleentzako zuzeneko arreta hobetzea ekarriko luke, nahiz eta egungo karga burokratiko handiegia, kasu askotan zalantzagarria dena, mantendu.

Azkenik, LABek salatu nahi du irakaskuntzako eskola-orduak Rajoyren gobernuaren murrizketek ezarri zituztenak direla oraindik ere. Duela 2 ikasturte, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egoera hori aldatu zuela saldu zigun, baina egiazki irakasleok bi eskola-ordu gehiagorekin jarraitzen dugu (23+2 Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 18+2 Bigarren Hezkuntzan). LABek exijitzen du lanaldiko orduen leheneratzea benetakoa eta eraginkorra izan dadila, tranparik eta amarrurik gabe.

Horregatik guztiagatik, eta jaiotza-tasaren etengabeko beherakada kontuan hartuta, LABek ratioen benetako jaitsiera aldarrikatzen du, lanpostu guztiak mantentzen direla bermatuta (irakasleenak nahiz ez-irakasleenak), aniztasunari benetako arreta eman ahal izateko eta irakasleek beren gain hartu behar dituzten zuzeneko irakaskuntza-lanak eta burokrazia-lanak bateragarriak izan daitezen. Azken batean, ratioen jaitsiera eraginkorra erreibindikatzen dugu, ikasle guztien premiak hezkuntza-sistemaren erdigunean jarriko dituen kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoa bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.