2025-03-11
HomeEkintza PolitikoaNafarroako aurrekontuek krisi ekosozialari aurre egiteko neurriak jaso behar dituzte

Nafarroako aurrekontuek krisi ekosozialari aurre egiteko neurriak jaso behar dituzte

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) gaur batzartu da Iruñean, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuari ekiteko. LABek gogorarazi nahi du duela ez asko premiazko deialdia egiteko eskatu zuela aberastasuna banatzeko eta Nafarroako langileek behar duten trantsizioa abian jartzeko. Bada, sindikatu honen iritziz, Aurrekontuen Aurreproiektuak ez die erantzuten kapitalismoak eragindako egungo larrialdi eta krisi eko-sozialaren erronkei.

Bizitzaren garestitzea, enpleguaren prekarizazioa, zaintza lanen krisia, klima-aldaketa, migrazioak edo elkarrekin gurutzatzen diren diskriminazioak dira bizi dugun krisi ekosozialaren ondorio batzuk. Beraz, ez gaude bertze aurrekontu batzuen aurrean. LABek premiaz eskatu bezala, gaur egungo egoerak gogoeta eta eztabaida sakona eskatzen du, Nafarroan langileek behar dituzten neurriei buruz. Hala ere, zeregin hori egiteke dugu oraindik. Baina funtsezkoa da politika propioak garatzeko eta Espainiako gobernuaren jarraipen hutsean ez erortzeko.

Nafarroako exekutiboak ez du gastu soziala bere aurrekontu lehentasunen artean kokatu nahi izan, ezta aberastasunaren birbanaketa justua ere.

Aurreproiektuaren arabera, gastu soziala (+% 7,6) ez da handituko aurrekontuek egiten duten neurri berean (+% 10). Gizarte arloen arretan zentratutako departamentuetarako aurreikusitako gastuen baturak pisua galdu du 2023rako aurrekontuan. Izan ere, 2023rako kontuetan jasotako “gastu soziala” aurrekontu operatiboaren %53,1 da, eta aurreko urtean %54,3koa izan zen pisu erlatiboa.

Hezkuntzako aurrekontua %5 baino gehixeago hazi da, eta Osasunekoa %5,6, hau da, gizarte-izaera hori ez duten bertze sail batzuen hazkundea baino anitzez txikiagoa dute igoera. Gobernuak azpimarratu du 2023rako aurreikusitako gastuaren erdia baino gehiago eduki sozialeko arloetan biltzen dela. Hala ere, aurrekontuen benetako birbanatze-eragina ebaluatzeko, nahitaezkoa da zergak nork ordaintzen dituen eta gastu sozial horien (eta gainontzeko gastu guztien) finantzaketaren oinarri diren karga fiskalen garrantzia nola banatzen den aztertzea.

Hala, bada, inolako beldurrik gabe erraten ahal dugu zerga-sistemaren diru-bilketaren pisua bidegabeki eta neurriz kanpo erortzen dela zergen %80 inguru jasaten duten Nafarroako etxeetan. Portzentaje hori nabarmen aldatzen da Sozietateen gaineko Zergaren bidez bildutakoarekin; izan ere, zerga-sarrera guztien %7,8 biltzen du.

LABen neurri-sorta, aberastasuna banatzeko eta eredu sozioekonomiko berrirako trantsizioari ekiteko:

  • Lehenik eta behin, enplegua, zaintza lanak eta aberastasunaren banaketa ekitatiboa, bai enplegu-politikaren bidez (bertzeak bertze, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz, erosteko ahalmena bermatuz, soldata arrakala guztiak ezabatuz eta 30 orduko lanaldia ezarriz), bai zerga-politikaren bidez (kapital-errenten eta sozietateen gaineko zergak indartuz).
  • Bigarrenik, herritar guztiei zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala, nola osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edo energia. Horretarako, beharrezkoa da eremu horietan esku-hartze publiko sendoa egitea, eta oligopolioen aldeko pribatizazio-politika guztiak bukatzea.
  • Hirugarrenik, kapitalismo berdearen iruzurraren ordez (horrek negozioa egiteko aukera emanen baitio patronalari), langileen partaidetzara bideraturiko trantsizio ekosozialista jarri behar da martxan; gehien kontsumitzen dutenek kontsumoa gehiago murriztu beharko dute.
  • Azkenik, Nafarroako erakundeei estatu tresna propioak jarri behar zaizkie eskura, hala nola, Gizarte Segurantza eta Lan Kodea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

LABek eskubide murrizketa salatu du Bilboko El Corte Ingles-en

LAB Bilboko El Corte Ingles-en aurrean mobilizatu da langileen lan-baldintzen errealitatea enpresak saltzen duen bikaintasun-iruditik oso urrun dagoela salatzeko.

GUREAKek laneko bajak ez izatera kondenatzen ditu aniztasun funtzionala duten langileak

Mutualia erabiltzen du horretarako, ez baitu onartzen laneko istripuen jatorri laborala. Langileen minusbaliotasunak koartada gisa erabilitzen ditu, eta, hala, lanak eragindako kalteak aitortzea saihesten du.