2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakPortuakEskandalua Pasaiako portuaren kudeaketan

Eskandalua Pasaiako portuaren kudeaketan

Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluan —LAB bertako kide da portuan gehiengoa duelako— abenduaren 15ean egindako bileran, San Pedroko arrain lonja berriaren eraikuntza prozesuan hauteman diren irregulartasun larrien berri eman zuen Ricardo Peña batzordeburuak. 2016ko maiatzean gaude eta lanek hilabeteak daramatzate geldirik. LAB sindikatuak egoera gertutik ikertzeko eskatzen du, baita horretarako behar diren neurriak hartu daitezen ere. Jokatzeko era alda daitezen eskatzen dugu, hau da alde soziala kontuan hartu, laneko prekarietatea amaitu, lan egonkorra sortu, lan-hitzarmenak eguneratu eta soldatak duindu daitezela.

Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluan (LAB bertako kide da portuan gehiengoa duen sindikatua delako) abenduaren 15ean egindako bileran, San Pedroko arrain lonja berriaren eraikuntza prozesuan hauteman diren irregulartasun larrien berri eman zuen Ricardo Peña batzordeburuak. Une horretan jakin genuen bertan geunden hamabost kontseilariok zer-nolako desoreka zegoen hasierako aurrekontutik, 15 milioi euroko aurrekontutik, azkenean kostatuko dela uste den 23 milioi eurotara, eta oraindik gainera, ikusteko dago azkenean zenbat kostatuko den. Era berean jakinarazi zitzaigun obra praktikan geldituta dagoela, eta aurreikusitako epeak ezingo direla bete. Izan ere, 2015eko amaierarako amaitzea espero zen. Hori dela eta, han geunden guztiok azalpenak eskatu genituen, eta batzordeburuak adierazi zigun 2014an ustezko irregulartasunen berri izatean berak Estatuko Portuei eskatutako auditoria juridiko eta ekonomikoaren ondorioak direla. Bada, esan beharrik ez, 2015eko abenduan egindako bilerara arte informaziorik ez genuela jaso. Orain jakin dugu auditoritza horren emaitzak 2015eko uztailean heldu zirela portura. Hala ere, sei hilabete igaro arte Ricardo Peñak ez zuen berririk eman Administrazio Kontseiluan.

Auditoriak dioena da gainkostu guztia justifikatua dagoela ematen duela, baina ez dela lan publikoetan jarraitu beharreko prozedurarik batere egin. Aurrekontu-aldaketak ez dira garaiz izapidetu, eta ordainketak baimendu ere ez, eta hala ere baimenik gabe jarraitu dute lanean 2015era arte, etengabe gainkostuak sortuz eta eraikuntzako UTEekin 1,5 milioi euroko zorra eraginez, gehi korrituak. Hau auditoreek falta oso larritzat jo dute eta horrek berarekin dakar lanak geldiaraztea, eraikitzaileei ordaintzeko ondare erantzukizuneko espedientea irekitzea, eta erantzukizunak exijitzea Portuko Agintaritzan jarduera-prozedurak ez errespetatzeagatik.

2016ko martxoko bileran, batzordeburuak PPAko zuzendaria berehala kargutik kentzea eta obra-zuzendariari xehapen espedientea irekitzea proposatu zuen, zeina PPAko azpiegitura burua den, eta obratik kendu egin zen. Buruak neurri horiekin amaitutzat eman nahi zuen gaia, baina Estatuko Abokatuaren proposamenez kontseilariok onartu genuen Estatuko Portuek egindako eskaintza, hots, auditoria integral bat egitea hasiera-hasieratik gaur arte, obraren adjudikazioa, aholkularitza teknikoa, UTEari ordaindutako prezioak eta kontratazio-organoaren (burutza) eta PPAren zuzendaritzak izandako jarduna, Administrazio Kontseiluarena barne.

Geroago, 2016ko apirilaren 5ean, bilera ezohikoa egin zen non Estatuko Abokatu eta Kontseiluko Aholkularia denak proposatu zuen fiskaltzari bidaltzea eskura genuen informazio guztia, eta bide batez, ikerketa abiatzea irregulartasunak zein izan diren jakiteko. Aipatutako bileran bozketa egin zen, eta hiru boto kenduta, bat LABena, zeinek aldeko botoa eman zuen, beste guztiek fiskaltzak parte hartzearen aurka eman zuten botoa (Portuaren zuzendaritza, enpresaburuak, Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Estatuko Portuak, Pasaiako Udala…). Hala ere, Estatuko Abokatuak egun batzuk geroago erabaki zuen, berak bakarrik, eskura zuen informazio guztia Gipuzkoako Lurraldeko Fiskaltzari helaraztea.

Honaino gertakarien laburpena. Orain Estatuko Portuei eta Fiskaltzari dagokie jarduketen larritasuna balioestea eta hala badagokio egokiak diren administrazio eta/edo zigor neurriak ezartzea.

Gure aldetik, gertakari hauek eta era berean proiektuaren hasieratik beretik Zuzendaritzak eta hemendik igaro diren zenbait buruk gai honetaz izan dituzten moduak salatu nahi ditugu.

Ricardo Peñaren jokaerari dagokionez, buru honek bat egin zuen Madrileko Gobernuak bultzaturiko soldata eta gizarte eskubideen murrizketen orgiarekin, eta Jarduketa Plana eta Austeritate Plana egin zituen, alde sozialak zituen esperantza guztiak badiara botaz, hots, gure eskubideak berreskuratzeko negoziaziorako atea itxi zuen eta enpresako akordio bidez plantilla mantendu, behin-behinekotasuna gutxitu, 35 orduko lanaldia berreskuratu, euskara-plana egin, Funts Soziala eratu, etab. lortzeko aukerak deuseztatu zituen. Urte hauetan atzera egin dugu lan baldintzetan. Soldatak izoztuak eta debaluatuak ditugu, lanaldiak luzatuak eta ordutegi malgutasuna ere bai, eskubidedun lanaren ordez prekarietatea, behin-behinekotasuna, irregulartasunak, lan-poltsak, etab.

Ustezko krisiari aurre egiteko neurriak, baina aldi berean batere eskrupulurik ez diru publikoa alferrik gastatzeko, non eta azken urteotan portuan egindako inbertsio publiko bakarrean, eta kareletik behera bota ditu horrekin bere “austeritatearen” teoria eta kostuen jaitsiera. Enpresa pribatuan lan egitetik etorri eta “hatzamarrez” izendaturiko enpresaburuen jokaera ohikoegia da hau, halakoek ez baitute kontuan hartzen diru publikoa ari direla erabiltzen; jokaera hau ezaguna da PPAn, baina oraingo honetan, zifrek zeroak dituzte, eta nahiz eta azaleratzeko orduan atzeraka ibili, ezin izan da estali.

Ricardo Peñak zuzendari bat kargutik kenduz eta beste bati zehapen espedientea irekiz amaitu nahi izan du afera. Guk uste dugu zuzendaritza inplikatua dagoela jokatzeko modu honetan, eta legealdi bakoitzean dagoen politikaria alde batera utzita, enpresa honetako zuzendariek urteak daramatzatela antolakuntza-kaosean murgilduak, “lan-hitzarmenetik kanpoko” pertsonala ugarituz eta aldi berean plantilla uneoro gutxituz, milioiak ezinezko proiektuetan xahutuz, kanpoko-portuaz ari gara, bien bitartean PPAko langileoi esaten zaigu garestiak garela, produktibitate-ratioak apalak direla…baina diru publikoz finantzaturiko obra batean ez dute erreparorik izan %40ko gainkostua onartzeko.

Lonja 2011ko azaroan hasi zen, 15 milioiko aurrekontuarekin eta 26 hilabeteko egikaritze epearekin (2014ko otsaila). 2016ko maiatzean gaude, hilabeteak dira geldi dagoela, erabiltzaile guztiak nazkatuak behin-behinean eta prekarioan lan egiteaz, gutxieneko segurtasun-neurriak bete gabe, berandutze-interesak sorraraziz, obrak amaitzeko dagozkion tramiteak egin gabe, eta Estatuaren Esku-hartze Orokorrak balioetsi duenez, 25 milioi euroko azken likidazioa izango duela…hau al da EAJren kudeaketa eredua?

LAB sindikatuak egoera gertutik ikertzea exijitzen du, baita horretarako behar diren neurriak har daitezela ere. Baina, batez ere, jokatzeko era alda dadila eskatzen du, hau da alde soziala kontuan hartu, laneko prekarietatea amaitu, lan egonkorra sortu, lan-hitzarmenak eguneratu eta soldatak duindu daitezela. LAB sindikatua prest dago Pasaiako portua, puntakoa, lehiakorra eta produktiboa izan dadin laguntzeko ekonomia, gizarte eta lan aldetik ere. Baina PPAko zuzendaritza horretarako prest ote dago?
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.