Goizean goizetik ibili dira piketeak hainbat enpresatan; Durangaldean sektorea itxita eta beste eskualdeetan grebaren jarraipena handia izan da; eta, eguerdian, Iurretako kaleak bete dituzte langileek. Ertzaintzak erakutsitako ohiko jarrera oldarkorra tartean, hauxe izan da Bizkaiko metalgintzan egunotarako deitutako lehen greba egunaren argazkia, hitzarmen duin baten defentsan.
FVEM patronalaren arduragabekeriak mobilizazioa beste biderik ez du utzi, eta, hori dela eta, urriaren 27 eta 28 eta azaroaren 2rako grebak deitu ditugu sindikatuok sektorean.
Tecuni, Arteche, Bombardier, DYF eta Vicinay enpresetan produkzioa gelditu dugu, besteak beste, eta Ormazabal-en beste grebetan baino jarraipen handiagoa izan da.
Iurretako kultur etxetik abiatu dugu gaur manifestazioa; bihar, urriak 28, Barakaldoko Bide Onera plazatik irtengo da, eguerdian ere. Azaroaren 2an, berriz, Bilbon egingo dugu manifestazioan, Euskadi plazatik irtenda, 12:00etan.