2024-11-24
HomeEkintza Sindikala'Jaiegunetan denok jai' aldarrikapena eraman dugu Nafarroako Merkataritza Kontseilura

‘Jaiegunetan denok jai’ aldarrikapena eraman dugu Nafarroako Merkataritza Kontseilura

Gaur, urriak 26, Nafarroako Merkataritzako Kontseilua bildu da eta datorren urteko 10 jaiegun irekitzeko egutegia aurkeztu eta onartu du: urtarrilaren 8a, apirilaren 6a, uztailaren 2a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a,  azaroaren 1a eta tokiko jaieguna dira irekitzeko hautatu diren jaiegunak. Horien artean, zazpi jaiegun eta hiru igande daude; orain arte bi igande ziren muga eta gaurko honetan murrizteko bidea hautatu beharrean, zabaldu egin dute.

Nafarroako Merkataritzako Kontseilua Nafarroako Gobernuak, udalek, patronalak eta sindikatuek osatua dago, besteak beste, eta urtero egiten duen bezala merkataritza sektoreko langileen gainetik hartu dute erabakia, sektorera prekarizazio handiagoa ekarriko duen erabakia.

LABek urtero salatzen duen moduan, jaiegunetan irekitzea ez da beharrezkoa, nahiko egun baitago erosketak egiteko eta horrelako erabakiak ekartzen dutena da lan baldintzak okertzea, neurrigabeko kontsumoa areagotzea eta langileen kontziliazioari oztopoak jartzea.

Gainera, ezin da aipatu gabe utzi merkataritzako lan hitzarmen asko erorita daudela eta, ondorioz, sektore hauetako langileak orain dela 12-14 urteko soldata berdin-berdinak jasotzen ari direla. Onartezina da. Hitzarmen hauek ez negoziatzeko jartzen den aitzakia da patronala ez dela existitzen, baina irekiko diren jaiegunak adosteko bai, horretarako bai existitzen da.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Nafarroako Gobernuaren jarrera, merkataritzako langileen baldintzak ez ikusteko itsuarena egiten baitu baina, aldi berean, 10 jaiegunetan irekitzeko arauak sinatzeko zalantzak jartzen ez dituelako. Bide batez, langile orori dei egiten diegu mobilizazioetan parte har dezaten, bai jaiegunetan denden irekiera salatzeko, bai hitzarmenaren aldeko borrokan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.