2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaEuskal Herriaren burujabetzaren eta langileon eskubideen kontrako neurririk ez hartzea eskatzen...

Euskal Herriaren burujabetzaren eta langileon eskubideen kontrako neurririk ez hartzea eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

2010ean Españar Gobernuaren aginduz, administrazio publikoetako langileei %5 murriztu behar zitzaien soldata. Euskal Herriaren burujabetzaren eta langileon eskubideon aurkako neurria zen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak (orduan EAJ eta H1) aginduari men egin, eta txintik esan gabe murrizketa hori aplikatzeari ekin zion. Honen harira Foru Aldundian gaur egun gehiengoa duen LAB Sindikatuak gogor salatu nahi du egun dagoen foru gobernuak epaiari helegiterik jarri ez izana.

Bere garaian LAB Sindikatuak eta Langile Batzordeak ere, aho batez, bere desadostasuna adierazi zuen murrizketarekin berarekin, eta baita hura gauzatzeko moduarekin ere. Agiri baten bidez adierazi zuen bere desadostasuna, eta murrizketa aplikatzeko modu alternatiboa aurkeztu zuen. Foru Gobernuak ez zien jaramonik egin eskaera haiei, eta bere irizpideak aplikatu zituen.

Harrezkero, KPIak gora egiten zuen arren, soldatak izoztuta jarraitu zuten 2014ra arte, Madrilgo Gobernuaren debekuaren ondorioz. Orduan, EH BILDUren foru gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen soldatak %0,6 igotzea erabaki zuen, eros ahalmenaren galerak eragindako ondorioak arintzeko xedez.

Baina beti bezala, Carlos Urkijok (Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak) erabaki horren aurka helegitea jarri zuen, soldata igotzeko debekua hautsi izanagatik. Helegite horren ibilbidea 2015eko irailaren 30ean amaitu zen, Aldundiaren aurkako epaiarekin; haren arabera, langileek jasotako igoera hori itzuli egin behar zuten.

EAJ eta PSE alderdiek osatutako foru gobernua dago orain Gipuzkoako Foru Aldundian, eta epai horri helegiterik ez jartzea, eta bere horretan betetzea erabaki dute, hilabete honetan langileoi jasotako dirua itzularaztea behartuz.

Foru Aldundian gaur egun gehiengoa duen LAB Sindikatuak gogor salatu nahi du egun dagoen foru gobernuak epaiari helegiterik jarri ez izana, eta langileon eta Euskal Herriaren burujabetzaren kontra behin eta berriro erasokor ari den estatu baten aginduei buru makur men egin izana.

LABek egun dagoen foru gobernuari ausardiaz jokatzea eta Euskal Herriaren burujabetzaren eta langileon eskubideen kontrako neurririk ez hartzea eskatzen dio.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.