2024-11-23
HomeEkintza SindikalaNafarroan, Araban eta Bizkaian greban gauden egunean jakinarazi dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan...

Nafarroan, Araban eta Bizkaian greban gauden egunean jakinarazi dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan borroka ziklo berri bati ekingo diogula

Egun esanguratsua dugu Hego Euskal Herriko helduen egoitzetako langileentzat, borrokan dagoen sektorearentzat. Nafarroan, Araban eta Bizkaiko gure kideak greban daude gaurko egunean. Aldarrikapen eta behar ezberdinak defendatzen, baina guztiak kalean eta greban.

Jakin badakigu herrialde bakoitzean lan baldintzak zein egoerak ezberdinak direla, baina prekaritatea eta lan eskubide urraketak egunerokoan pairatzen dituzte sektore honetako langileek. Hego Euskal Herriko instituzioek zaintza sistemaren pribatizazioa bultzatzen dute etengabe, eta zaintzaren negozioak eta enpresen irabazi grinak gure nagusiak zaurgarritasun egoeran uzten dituzte.

Egoerak errudun zuzenak ditu: patronalak eta instituzioak dira egoera hauek sustatzen eta iraunarazten dituztenak. LABek argi du, zaintza sistema publikoa eta komunitarioa izan arte egoiliarren eta langileen duintasuna eta bizi eta lan baldintzak ez dira bermatuak egongo. Funtsezko langileak dira, eta eurena den aitortza borrokatzen ari dira.

Esan bezala, LABeko gure kideak greban daude gaurkoan. Bizkaian zazpi greba egun deitu dituzte hemendik eta abendura arte, eta sektorean borroka indartzeko eta areagotzeko apustua egin dute.

Araban, greban daude herrialdeko hitzarmena lortzeko, egun estatala aplikatzen zaielako. Arabako adinekoen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek urtean 1.792 ordu egiten dute lan, urtean 365 egunetan, 997.16 euroko hileko nomina baten truke.

Nafarroan ere greban daude herrialdeko hitzarmena lortzeko.

Bada, Gipuzkoan, borroka ziklo berri bati ekingo diogu. Hala, honen berri emateko, agerraldia egin dugu Donostian, Gipuzkoa plazan, Aldundiaren egoitza aurrean. Azken hilabeteetan egindako bilerak, asanbladak, mobilizazioak, grebak, errepide mozketak, okupazioak, gaur gauden tokira ekarri gaituzte. Ilusioz bide berriari ekingo diogu eta egindakoaz oso harro gaude.

Egoera okertu egin da Gipuzkoan

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten, negoziazio kolektiboaren baitan borrokan, bi helburu argirekin: batetik, lan baldintza duinak lortzea gipuzkoarroi eskaintzen diguten zerbitzua kalitatezkoa eta goxoa izan dadin, eta, bestetik, sektore feminizatu eta prekarizatu honi gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea. Izan ere, zerbitzu publiko bat eskaintzen ari dira eta funtsezko langileak dira.

Langile hauek Gipuzkoako helduen zaintza kalitatezkoa eta duina izateko borrokan ari dira, gipuzkoar guztion eskubideen alde, eta merezi dute aitortza eta lan baldintza duinak bermatuta izatea.

Borroka luze honen bidean, langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu zuen, grebarako eskubidea urratuz, %100 zerbitzu minimoen inposatzeak. Eta orain, %8ko ordezkaritza duen UGTk hitzarmena gutxiengoan sinatzeak egoera hori areagotu du, negoziazio kolektiboa izan beharko lukeena guztiz desitxuratuz.

Itxurazkotik gutxi izan du, halaber, ELAren jarrerak. Gehiengoan egonik ere, ez da gai izan langileei behar zuten erantzuna emateko, hitzarmen duin baten aldeko palanka izateko. Bere estrategiak porrot egin du, langileei irtenbideak emateko ageriko zailtasuna izan du, langileen interesak defendatu eta bermatzetik urrun geratu da.

Gutxiengoan sinatutako hitzarmenak langileon baldintzak asko arrakalatu ditu. Horregatik, bilera eskaera egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Sailari, hitzarmena sinatu ez duten patronalen menpe dauden egoitzetan langileen baldintzak eta merezitako soldata igoerak nola kudeatuko diren galdetzeko. Horrez gain, Aldundiak sektorea bizitzen ari den pribatizazio eta prekaritatearen aurrean zein plan duen jakiteko.

Honen guztiaren aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du patronalak eta Aldundiak erantzukizun zuzena dutela langileen prekarizazioan, hauek zerbitzu publikoen pribatizazioaren mesedetan, lotsarik gabe ari direlako langileen lan baldintzak okertzen eta langileen eskubideak urratzen. Oraingoan ere, UGT izan dute ezinbesteko aliatu sektore honetako langileenganako enegarren traizioa burutzeko.

Sinatu duten akordioa ez da langileek behar dutena, ezta Gipuzkoak behar duena ere. Eta, norbaitek uste bazuen honekin zerbait konponduko zela eta hemen amaituko zela gatazka, oso oker dago. Hitzarmen honek ez du lasaitasuna ekarriko, langileen eskubideak errespetatzen ez dituen heinean.

UGTri, patronalei eta instituzioei hurrengo mezua helarazi nahi diegu:

Gure indarrak eta baliabideak langileen eskubideak zentroz zentro eta herriz herri defendatuz eta borrokatuz jarriko ditugu; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen pribatizazioaren aurka tinko borrokatuko dugu. Kaleetan egon gara eta bertatik ez gaituzte mugituko. LABek zentroz zentro arduraz eta konpromisoz gure lan sindikala egingo dugu, eta instituzioak interpelatzen eta seinalatzen jarraituko dugu.

Ziklo berri honetan aliantzak eraikitzea ezinbestekoa dela uste dugu, mugimendu sozialekin eta mugimendu feministarekin gure borroka eta ildoak partekatuko ditugu. Egungo zaintza ereduaren aldaketaren alde borrokatzen duten sektoreekin espazioak landu eta partekatuko ditugu, gatazka honi zentralitate soziala ematen laguntzeko, eta, jendarte osoari eragiten dioten heinean, zaintza eta emakumeen borroka erdigunean jarri nahi ditugu. Zentzu honetan, deialdia egiten dugu, herri bakoitzean kokatzen diren zentroetako langile, egoiliar, senide eta gizarte mugimenduak batu eta antolatu gaitezen, zaintza lanak erdigunean jarriz, gure eskubideen alde eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka.

Besarkada bat bidali nahi diegu egoitzetako langile guztiei, eta deialdia egin borroka-eskaintza hau bere egin eta kalera indarrez ateratzeko. Ahal dugun lantoki guztietan batzarrak antolatuko ditugu, borroka-ziklo hau zuekin zuzenean partekatzeko. Kaleetan zein lan zentrotan elkar ikusiko dugu.

LABek borrokari eutsiko dio Hego Euskal Herri osoan, sektore honen langileen funtsezko funtzioa behingoz duindu eta aitortu arte, kurtso berri honetan sektoreko langileak aktibatu, antolatu eta borrokatzeko markoak eta tresnak eskainiz. Erantzukizuna duten instituzio eta patronalei ozen eta garbi esan nahi dizuegu; aurrean izango gaituzuela eta, langileon prekaritatean sostengatzen den zuen zaintza eredua lehertu arte, borrokan jarraituko dugula.

Amaitzeko, jakinarazi nahi dugu LABeko bi kide azaroaren 9an deklaratzera deituak izan direla. Deklarazioa helduen egoitzetako greba egun batean egindako errepide mozketarekin loturik dago. Gure kideei elkartasuna adierazi eta ekintza sindikalaren aurkako errepresioa salatu nahi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.