2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEnplegu eta soldata publiko duinak negoziatu ahal izatea aldarrikatu dugu

Enplegu eta soldata publiko duinak negoziatu ahal izatea aldarrikatu dugu

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera deituta zegoen gaurko, eta LABek beste mobilizazio bat egin du Lakuan. Enplegu publikoa, erosahalmena eta eremu bakoitzean bertan negoziatzeko eskubidea izan dira aldarrikapenak, ikasturte honetan ere borrokatzen ari garen ildoak. Beste behin Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako borondate eza argi utzi du edukietan eta formetan.

Edukiei begira, Madrilek agindutako soldata murrizketak zintzo betetzen jarraituko du hemen negoziatzeko duen borondate falta ezkutatuz. Langileok 2021 urtera arte galdu dugun %15eko diru galeraz ez du hitz egin nahi, eta hurrengo urteetarako erosahalmen galera ekarriko duten Madrileko igoera ez nahikoak inposatuko dituzte. Diru-bilketa handia egin dutelako ahoa bete, baina langile publikoon soldata ere bestelako gastuetarako erabiltzen jarraitu nahi dute. Txanda kontratua langile publiko guztiei zabaltzeko aukera ere baztertu egiten du. Enplegu planik ere ez dutela negoziatu nahi argi dago, eta Europako eta Madrilgo aginduak betetzera mugatuko dira, euskal administrazioetan dauden lanpostu gabeziak, prekaritate egoerak eta iruzurrak mantenduz.

Formari begira, bilera bi eguneko aurreabisuarekin egin izana salatu nahi dugu. Berria ez den jokabide honek oinarrizko eskubidea den Negoziazio Kolektiboaren Mahaia aurrekontu autonomikoei begirako tramite huts bihurtu du.

Hauek dira beste behin Eusko Jaurlaritzaren ikasturte honetarako ildoak. Eroso dago errezeta neoliberal zaharkituak ezartzen, negoziazio kolektiboaren ukazioaren ardura gainetik kenduz, baina berak ere ematen ez dituen gezurrezko aurrerapausoekin propaganda egiten.

Pasa den ostiralean eta gaur egindako elkarretaratzeei jarraituz, LABek negoziazio kolektiboa eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du, Eusko Jaurlaritzak eta beste euskal erakundeek dituzten eskumenei uko eginez duten madrilekiko duten menpekotasun jarrera lotsagarria aldarazteko. Gaurko bilera ere antzerki hutsa izan da, aurkeztutako neurri guztiak dekretuz onartuko dituztela lotsarik gabe onartzen jarraitzen dutelako, eta langile publikoen eros ahalmena urratzen jarraitzen dute. Euskal Herriko administrazio eta enpresa publiko guztietan «Enplegu publiko duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki» aldarrikatuko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.