2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakJustiziaAsteko bost egunera zabaldu dute greba EAEko auzitegiko medikuek

Asteko bost egunera zabaldu dute greba EAEko auzitegiko medikuek

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan adierazi dute hemendik aurrera astelehenetik ostiralera egingo dutela greba, 09:30etik 14:00etara. Haien esanetan, 18 urte luze daramatzate zain medikuntzako profesionaltzat har ditzaten, Osakidetzako medikuek duten gutxieneko ordainsari berdina erreklamatuz.
Azken urteotan, EAEko Justizia Saileko buruan zeinbait alderdi egon dira, EAJ, PSE, EA eta berriz ere EAJ. Denetarik ikusi behar izan dute auzitegi medikuek: hitz polit eta ez hain politak; pazientzia izateko eskatu diete ekingo ziotelako eurenari… Baina nekatuta daude itxarotearekin eta nahikoa dela esan dute.

Egiten dituzten oinarrizko hiru aldarrikapenak betetzeko garaia heldu da: etengabeko prestakuntza espezializaturako eskubidea; zaintza eguna igarota gutxieneko atsedenerako eskubidea; Osakidetzan medikuek irabazten duten gutxi-gutxieneko lansaria jasotzeko eskubidea. Izan ere, gatazka hau ez da tratuan arituta konpontzen den horietakoa. Hamazortzi urtez eskatu dituzten gutxieneko aldarrikapen horiek izateko eskubidea baduten ala ez da kontu honen mamia.

Horrezaz gain, egungo Justizia Sailak frogatu du medikuen funtzioez ezer gutxi dakiela, egiten duten lanari ia mespretxua adierazteraino, batez ere Zuzendariak. Ba al dakite Sailean zein egoerari egin behar dioten aurre egunero auzitegi medikuek? Kontsultara zer pertsona mota joaten zaien? Zer arazoren eta gairen gainean erabaki behar duten?

Bada, hizpide ditugun pertsonak honakoak dira: zuhurtziagabekeria edo delitu baten biktimak; erasoen edota indarra erabiliz egindako lapurreten biktimak; tratu txarrak jasandakoak (emakumeak, adinekoak, umeak); sexu-erasoen biktimak… Baina baita, buru-osasuna dela-eta, psikiatrikoan sartzea ala ez erabaki behar den pertsonak ere; eta hainbat zaharrei tutorea izendatu behar zaien, euren burua gobernatzeko gai diren aztertuta.

Labur esanda, ez gara ari ez zenbakiez ezta estatistikez ere. Aitzitik, pazienteak, pertsonak artatu behar dituzte eta horiek tratu espezializatua, hurbila eta humanoa behar dute, sufrimendu handia pairatutako gizakiak baitira. LAB sindikatuak auzitegi medikuak eta berauen aldarrikapenak babesten ditu eta bat egiten du egitekoak diren mobilizazioekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.