2024-11-25
HomeEkintza SindikalaEibarko epaitegiak berretsi du AUTLAN EMDk langileak gaixotu dituela #LortuDugu

Eibarko epaitegiak berretsi du AUTLAN EMDk langileak gaixotu dituela #LortuDugu

LABek Oñatiko AUTLAN EMD enpresan abiatutako lan osasunaren aldeko borrokaren ondorioz, Eibarko epaitegiak ebatzi du enpresak prebentzio neurriak bete ez dituela. Hori da LABek urteetan salatu duena, eta urriaren 14ko epaiak arrazoia eman digu honekin. Bi langileri beraien kontratuen iraungitzea onartu zaie, eta kalte ordainak bere gain hartu beharko ditu enpresak.

Irailaren 27ko prentsa oharrean azaldu genuen bezala, badira urte asko bai sindikalki baita lan agintaritzako eragileen bitartez LAB AUTLAN EMDKO egoera salatzen ari dela. Hamaika izan dira lan ikuskaritzarekin, Osalanekin edo prebentzio zerbitzuekin izandako hartu emanak. 2017an arazoaren berri izan genuenetik gaur egun arte enpresaren eta bere prebentzio zerbitzuen utzikeria nabarmena izan da: 2018an lan ikuskaritzak enpresa berehalako neurriak betetzera behartu zuen, eta horren ondorioz, Norbere Babeserako Ekipamendu (NBE) batzuk ezarri zituzten. Dena dela, 2021ean NBEak oraindik ez ziren erabiltzen kutsatutako zonalde guztietan, enpresak esaten zuelako zonalde horiek ez zeudela kutsatuta laino azidoekin. 2022an, 5 langileri lan gaixotasuna aitortu zitzaien.

Orain, epaiarekin, frogatutzat eman da langileak azido sulfurikoaren kontaktua izan dutela, onartuta dagoen maila baino 38 aldiz gehiago lanpostu batzuen kasuan, eta enpresak ez zituela ez prebentzio neurriak bete ezta babes neurriak hartu arazoaren aurrean. Gainera, segurtasun eta osasun laboralaren inguruko erabakiak baliagarria den teknologia baliatuz hartu behar direla aipatzen du, irizpide ekonomikoak alde batera utziz.

LABen defendatzen dugun bezala, prebentzioa eskubide bat da. Edozein babes neurri betetzea enpresaren esku dagoela babesten du sententziak. AUTLAN EMDren kasuan gaixotu diren langileen lanpostuen egokitzapena edo enpresa uzteko pizgarriak exijitzen jarraituko dugu, baita lanean geratzen direnen langileen osasuna babestea ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.