2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEnpresa publikoetako langileei lapurtutako soldatak itzultzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari

Enpresa publikoetako langileei lapurtutako soldatak itzultzeko exijitzen diogu Jaurlaritzari


Hilabete honetan Madrilgo Auzitegi Gorenak kaleratu duen ebazpean argi utzi du Eusko Jaurlaritzak 2010ean langile publiko guztien soldata %5 murrizteko hartu zuen erabakia konstituzioaren kontrakoa zela, eta beraz legez kontrakoa. Hau da, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak gaindituz, EAEko enpresa publikoetako langileei soldata lapurtzeko Konstituzioa urratu egin zuen.

Bere momentuan Espainiako Gobernuak bankuen zorrak ordaintzeko helburuarekin hartu zituen neurrien artean administrazio publikoetako langileentzako %5eko soldata murrizketa agindu zuen, esplizituki enpresa publikoak bazter utzita. Eusko Jaurlaritza are solidarioagoa izan nahi, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa publikoetako langileei ere luzatu zien murrizketa. Orain, LABek Euskal Telebistaren kontra jarritako salaketaren bidearen amaieran Jaurlaritzaren erabakia legez kontrakoa izan zela argi gelditu da.

Zoritxarrez, LABek egunero-egunero espainiar legedia eta egitura juridikoa erabili behar izaten du euskal langileen eskubideak defendatzeko, oraingoan bezala. Horrela Langileen Estatutua, lan legeria, Madrilek ezarritako epaile eta idazkariekin eta abarrekin aritu behar izan du beti, lan harremanetarako euskal esparrua existitzen ez delako… oraingoz.

Oso argi dago, hasiera-hasieratik langile publikoei egindako soldata, kontratazio eta lan baldintzen lapurretak bankuek sortutako zorra (gobernuek eufemistikoki “zor publikoa” deitzen dutena) kitatzeko erabili dela. Grafikoan argi ikusten da bankuen zorrak goranzko despegea hasi zirenean hartu zituztela neurriok. Zor publikoa handitzea berez ez litzateke txarra, gastu eta zerbitzu sozialak handitzeko izango balitz, baina argi eta garbi dago ez dela kasua. Konstituzioa bera ere ezkutuan aldatu zen hain zuzen ere zor publikoaren kitapena hauen aurretik lehenesteko.


Berriro ere Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu egindako murrizketa guztiak atzera botatzeko: ordezkapenak, gaixotasunengatik, kontziliazioa, euskara planak, berdintasun planak, lan osasuna, 2012ko abenduko paga… eta jakina langile publiko guztien soldatak. Funtzionarioak izan, laboralak, enpresa publikoetakoak eta azpikontratetakoak.

Honen haritik enpresa publikoetako langile guztiei 2010etik lapurtutako soldatak itzultzeko eta lapurtzen ez jarraitzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Horretarako bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu: negoziazio mahaiak, epaitegiak eta borroka sindikala. Kasu honetan legea bete baino ez dute egin behar gainera. Ezin diote berriro ere “zalantza juridikoaren” komodinari heldu. Paradoxikoa da PSEk, delako autogobernuaren izenean, defendatzen duen Konstituzioa urratu izana. Bitxia da ere Madrilekiko beti horren zintzo eta leiala den PNVk bide “desobediente” bera mantendu izana urte hauetan guztietan, murrizketa propioak gehituz gainera. Paradoxikoa eta desobediente baino, jokabide iruzurtiak dira.

Hauteskunde testuinguru honetan PNVk hobekuntza txiki batzuk argitara ditzake, alde bakarrez hartutakoak gainera. LAB ez da tranpetan erortzen, eta Sektore Publikoari benetako konponbidea emateko urratsak emateko prest dago. Horretarako Euskal Enplegu Publikoaren Lege proiektua atzera botatzeko eskatzen diogu Gasteizko Parlamentuari. Baita Sektore Publikoari eragiten dizkien lege guztiak hasiera-hasieratik eragile guztien benetako parte hartzearekin negoziatzea exijituko diogu etorriko den Jaurlaritza berriari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.