2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaHarro plataformak azaroaren 5erako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu

Harro plataformak azaroaren 5erako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dugu

Gaur goizean “Euskal Eskola Publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi ez” lelopean Harro plataformak deitutako manifestazioarekin bat egiten du LABek. Hezkuntzako eta hezkuntzaz gaindiko langileei bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez ditu aintzat hartzen eskola publikoaren beharrak. Hamarkadetan zehar utzikeria handiz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia eskola publikoari zor zaiona emateko, bada garaia eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko.

Ekintza sindikalari esker, batetik, eskola publikoetan irakasle gehiago kontratatzea lortu genuen pasa den ikasturtean eta bestetik, arriskuan egon den Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak mantentzea lortu dugu. Orain premiazkoa da eskola publikoetako azpiegituretan eta bestelako baliabideetan inbertsio handi bat egitea, langileen egonkortze prozesua bururaino eramatea eta Haurreskolak Partzuergoan 0-3 eskaintza publiko, doakoa eta unibertsala bermatzea, berau hedatuz. Horrekin batera, ikastetxeei euren hezkuntza egitasmoa aurrera ateratzeko baliabide eta eskumen gehiago eman behar dira.

Ildo honetan, urtea amaitu aurretik eskola publikoaren garapenerako plan estrategikoa garatzea exijitzen du LABek, eta datorren urterako aurrekontu proiektuan bertan inbertsio handiagoa jasotzea.

Itundutako eremuari dagokionez, itundutako ikastetxe guztien finantziazioa handitzen ari da, zernahi dela ikastetxe bakoitzaren egitasmoa. Lege zirriborroan ez dira itunpeko ikastetxeek bete beharreko baldintzak (doakotasuna, euskalduntzea, inklusioa, hezkidetza eta laikotasuna) eta horiek betearazteko kontrol- mekanismoak zehazten, ez eta betebeharrak betetzen ez dituztenei zein neurri ezarriko zaizkien.

Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea -bertako parte diren ikastetxeei eskubide berdinak emanez eta betebehar berberak eskatuz-, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea, urrats bat izan liteke Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren norabidean, hau da, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizaturako bidean, baldin eta trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako eskenatoki gisa. Aldiz, legearen zirriborroa aztertuta, argi ikusten dugu EAJk ez duela inolako asmorik horrelako trantsizio bat ahalbidetzeko, hots, hezkuntza sistema duala betikotu nahian dabilela, zerbitzu publikoen gainean duen ikuspegi neoliberalean oinarrituta. Ildo horretan, Hezkuntza Akordioan azaltzen ez zen “Publiko” abizena jarri dio Hezkuntza Zerbitzu horri.

LABen iritziz, eredu berri baterako trantsizioa egiteko tresna izan beharko luke Hezkuntza Legeak: hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik, euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze sistemara; bi saretan oinarritutako hezkuntza eredu dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berri batera.

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez du halakorik aurreikusten. Arrazoi honengatik, LABek eskola publikoaren alde mobilizaziorako deia egiten die hezkuntza nahiz hezkuntzaz gaindiko langileei, besteak beste azaroaren 5eko manifestazioan parte hartuz.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.