2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLangile guztioi pentsio publiko duina bermatzea da gure lehentasuna, eta borroka horretan...

Langile guztioi pentsio publiko duina bermatzea da gure lehentasuna, eta borroka horretan buru-belarri jarraitzen dugu

LABek ez du babesten Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeek azken urteetan izan duten bilakaera; pentsio sistemaren osagarri izateko bokaziotik urrundu eta langileen arteko arrakalak eragin izana kritikatzen du.

Asufin elkarteak eta Geroako kaltetuak plataformak azken egunetan LAB sindikatuari eginiko interpelazioaren aurrean, LABek gai honekiko duen posizioa berretsi nahi du, gaurdaino hartu eta publiko egin dituen erabakiak gogoratuz:

LABek urte hasieran Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeetako (BGAE) zuzendaritzako organoetan parte hartzea eten zuen, organo horiek izan duten garapenarekiko balorazio kritikoaren ondorioz, hain zuzen ere.

Pentsioen gaiari dagokionean sindikatu hau beti egon den tokian dago: LABek argi du pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko, pentsio sistema publikoa indartzearen aldeko apustua egin behar dela, langile guztioi pentsio publiko duina bermatzea da gure lehentasunetako bat, eta borroka horretan buru-belarri gabiltza gainerako eragile sozial eta pentsiodunen elkarteekin batera. Pentsio sistema publiko horrek bertakoa, unibertsala eta elkartasunezkoa izan behar du, eta, hain zuzen ere, egungo BGAE sistemak helburu horretatik urruntzen gaitu honako arrazoiengatik:

• Ez dira elkartasunezkoak, norberak berea aurrezten du, hasiera batean izan zitzaketen elkartasun keinu ahulak erabat deuseztatu dituzte.

• Ez dira unibertsalak. Langile kopuru handi bat BGAE-en estalduratik kanpo geratzen da, sektore prekario eta feminizatuenak batik bat. Gainera, sektore desberdinak barnebiltzen dituen GEROA BGAE-n, ekarpen desberdinak egiten dira sektore edo enpresaren arabera, kasu horietan ere sektore prekario eta feminizatuak izanik ekarpen txikiena egiten dutenak. Ondorioz, pentsiodunen arteko arrakalak handitzen dira eta langileen arteko zatiketa bultzatu.

• Behin erretiratu ondoren, BGAE-en erreskatea kapital moduan egitea ahalbidetzeaz gain, legeak hobari fiskalak eskaintzen ditu kasu horietarako. Pentsio sistemaren osagarri izateko jatorrizko helburutik urruntzen gaitu horrek. Gainera, GEROAren kasuan, 2015ean kapital moduan kobratzea erraztu zuten, horretarako behar zen kapitala nabarmen jaitsiz. LAB izan zen neurria babestu ez zuen partaide bakarra. Kapitalizazioaren inguruko erabakiek, besteak beste, langileen artean zatiketa ekarriko zutela aurreikusi zitekeen, eta hala gertatu da.

Arrazoi horien guztien ondorioz, gaur egun BGAE-ak, aurrezki produktu gisa ulertzen dira, BGAE-ek pentsio sistemari egin beharko liekeen ekarpena albo batera utzita. Ikuspegi hori indartzearen arrazoi nagusia BGAE-k azken urteetan izan duten bilakaera da, LABek babestu ez duen bilakaera, hain zuzen ere.

Ondorioz, batetik BGAE-k pentsio sistemaren osagarri izateko duten bokaziotik urruntzen joan dira; bestetik, langileen arteko talka sortu du, aurrezki produktu gisa ulertzeko bide eman delako. Sortu den egoeraren aurrean eztabaidaren beharra ere proposatu izan dugu LABetik.

LAB ez da izan, ezta izango ere, kritikatzen duen ereduaren erantzukide. Pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, gutxieneko pentsioen alde, pentsio arrakalen aurka, pentsio sistema propio eta publiko baten defentsan indarrak bilduz.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.