Gerentziaren datuen arabera, gaur egun bete gabeko 170 lanpostu daude Oinarrizko Osasun Laguntzan; hau da, 170 langileren gabezia dago. Kategoria eta osasun-zentro guztietako profesionalak falta dira. Horrek azaltzen du Osasun Departamentuaren benetako interesa kalitatezko arreta sustatzeko.
LABek askotan salatu izan du Oinarrizko Osasun Laguntzak eta bertako langileek pairatzen duten utzikeria: administrarien egoera, mediku eta erizainen eskasia… Departamentuak osasun-zentroetako arreta kudeatzeko duen ezintasunaren ondorio zuzena.
Gerentziak emandako datuen arabera, gaur egun 171 profesional daude kontratatu gabe Oinarrizko Osasun Laguntzan, eta kopuru hori guztiz onartezina da. Hona hemen datuak xeheki emanak:
- Osasun arloen arabera, Iruñerrian eta Nafarroa iparraldean 126 profesionaleko desfasea dago, Tutera osasun eskualdean 24 falta dira, eta Lizarrakoan 20 baino gehiago.
- Kategorien arabera, 40 mediku, ia 30 erizain, beste 30 administrari, 10 pediatra eta burutzetako 20 postu inguru daude bete gabe.
Osasun-zentroen arabera xehe aztertuta, honakoa da irudia:
- Iruñeko osasun eskualdean (hirburua baino askoz ere zabalera handiagoa duena), osasun etxe bakoitzean 2 edo 3 profesional falta dira batez beste. Azkoien eta Izaban bosna lanpostu daude bete gabe, eta Aranguren, Donibane eta alde zaharrean, launa.
- Tuterako osasun eskualdean kontratazio falta hiriburukoa baino handiagoa da. Nabarmentzekoak dira Tutera ekialde eta mendebaldeko osasun etxeak, Corellakoa eta Buñuelekoa , horietako bakoitzean bete gabeko lau lanpostu baitaude.
- Lizarrako eskualdean, berriz, Lodosa eta San Adrian nabarmentzen dira, 4 eta 5 profesional falta baitituzte hurrenez hurren.
Datu horiek eskuan, gogorarazi nahi dugu osasun-zentroetan ia ez dela ordezkapenik izaten, eta, beraz, zentro horietan lan egiten duten profesionalak behartuta daudela beren txandak zabaltzera edo beste lankide batzuen kupoak euren gain hartzera. Hori guztia nahikoa ez, egoera horrek desberdintasunak eragiten ditu produktibitateak kobratzeari dagokionez.
Aurreko horri profesional berrien gabezia (psikologoak, gizarte langileak, odontologoak, fisioterapeutak…), lan-baldintza kaskarrak eta antolaketa txarra gehitzen badizkiogu, erraz ulertzen da nola ari diren bertan behera uzten osasun-arretaren oinarrizko eta funtsezko zutabea den hau.
Horregatik, LAB sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du egoera horri aurre egitea eta Oinarrizko Osasun Laguntzako plantillak egoki eta berehala dimentsionatzea. Horretarako, berrantolaketa-erabaki serioak hartu behar dira, eta estaldura zaileko eremuetan hobekuntzak ezarri. Era berean, guk funtsezkotzat jotzen dugu zentralizazioaren eta despopulazioaren aurkako borroka, eta, horretarako ezinbestekoa da, neurri handi batean, landa-inguruneetako osasun-zentroak behar bezala dimentsionatzea, inguruetako biztanleei behar duten zerbitzua eskaintzeko gai izan daitezen.