2024-12-19
HomeEkintza SindikalaNafarroako Gobernuak bere gain hartu beharko luke Sin Fronteras elkarteak gaur egun...

Nafarroako Gobernuak bere gain hartu beharko luke Sin Fronteras elkarteak gaur egun kudeatzen dituen zerbitzu eta langileen etorkizuna

Navarra Sin Fronteras elkarteko langileek bi elkarretaratze egin dituzte gaur Iruñean: lehenbizikoa enpresaren egoitzaren ondoan, eta bigarrena Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren egoitza ondoan.

Langileek haien egoera salatu dute eta gizarte zerbitzuen publifikazioa eskatzeko. Gogoratzekoa da enpresak iragarri duela bere ateak itxiko dituela eta horrek ataka estuan jarri dituela 150 lanpostu. Nafarroako Gobernuak bere gain hartu beharko luke Sin Fronteras elkarteak gaur egun kudeatzen dituen zerbitzu eta langileen etorkizuna. 

Ez dago porrot egoeran

Irailaren hasieran jakinarazi ziguten Sin Fronteras itxi behar zutela. Ordutik ez gara geldirik egon, eta hauxe da egindako lanaren laburpena:

Kontu ekonomikoak aztertu ditugu, eskura dugun informazioaren arabera. Egiaztatu dugu enpresa ez dela errentagarria, baina ez dago porrot egoeran, inola ere. Zuzendaritzak ez du egin bere esku zegoen guztia enpresaren bideragarritasuna bermatzeko, 2020an eta 2021ean 200.000 eurotik gorako galerak izan ondoren. Egia da azken urteotan diru-sarrerak igo direla, baina langile-gastuak oraindik gehiago handitu dira. Gure iritziz, enpresa bideragarria egiteko borondaterik ez da egon. Antzeko programak kudeatzen dituzten enpresek ez dituzte Sin Fronterasek alegatzen dituen zailtasunak. Jarrera hori ulertu gabe segitzen dugu, ez digutelako inolako azalpenik eman.

Azken asteotan, zenbait bilera izan ditugu zuzendaritza-taldearekin eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuarekin. Idazki hau aprobetxatu nahi dugu zuzendaritza-taldearen jarrera salatzeko; izan ere, azkeneko hiru bilerak bertan behera utzi ditu jakinarazi beharreko informaziorik ez zegoela argudiatuz. Badakigu beste enpresa batzuekin biltzen ari direla, baina, beste behin ere, ez dakigu zertaz hitz egiten ari diren, deus ere esaten ez digutelako. Sin Fronteras beste enpresa batzuekin negoziatzen ari da Nafarroako Gobernuaren kontratu administratiboen lagapena, bai eta Albernia enplegurako zentro bereziaren etorkizuna ere, baina azkeneko bi asteotan ez digu horren gaineko inolako informaziorik eman.

Nafarroako Gobernuak guri informazioa emateko konpromisoa hartu zuen, baina ez du bere hitza bete, informazioa espresuki eskatu badiogu ere. Prozesua Sin Fronterasen esku utzi du, eta Gobernua, ustez, prozesua gainbegiratzen ari da. 

Gauza bat da pazientzia izatea eta beste bat prozesu hori guztia langileen eta Enpresa Batzordearen atzetik egitea. Puntu honetara iritsita, eta ikusirik zuzendaritzaren jarrera eta lortu ditugun ondorio ekonomikoak, jendaurrean exijitu nahi dugu Administrazioak bere gain har dezala prozesu hau lehenbailehen. Gure ustez, plantillaren eta kudeatzen ditugun zerbitzu publikoen etorkizuna ezin da zuzendaritza honen esku gelditu, ez baitu beharrezkoa den guztia egin enpresaren jarraipena bermatzeko. Zerbitzuen eta langileen etorkizuna EZIN DA gelditu esku pribatuetan. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren berehalako tutoretza eskatzen dugu, zerbitzu publikoen arduradun gorena den aldetik.

Azkenik, eskatu nahi dugu zerbitzu publikoak kudeatzearen ondorioz Sin Fronteras elkarteak lortu dituen ondasunak arlo publikora itzultzea. Ildo horretan, erreklamatzen dugu Sin Fronterasek diru publikoa erabiliz eskuratu dituen higiezinak sistema publikora bueltatzea, zehazkiago, Nafarroako Gobernuaren eskuetara. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.