Egunotan aurreratu bezala, beste hiru greba egun egingo ditugu Bizkaiko metalgintzan, urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an. Sindikatu deitzaileok agerraldia egin dugu Bilbon, FVEM patronalaren egoitza aurrean.
LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuon oharra:
Dakizuenez, Bizkaiko metalaren sektoreko negoziazioa 2021eko azarotik dago irekita. Harrezkero, 12 bilera izan ditugu negoziazio-mahaian.
Bilera horietan, sindikatuok negoziazioan aurrera egiten saiatu gara, akordio duin bat lortzeko. Hala ere, FVEM patronala geldirik dago, eta bertan gerta daitekeen edozein aurrerapen blokeatzen du.
Patronalak uko egin dio sindikatuek mahai gainean jartzen dituzten planteamenduei heltzeari. Uko egiten dio sektoreko langileen eros ahalmena bermatzeari, eta, horrekin pozik ez dagoenez, atzera urratsak planteatzen jarraitzen du malgutasuna eta bajak bezalako gaietan. Patronalaren diru-gosea ez da inoiz asetzen, sektoreko langileekiko mespretxua nabaria da, pobre nahi gaitu. Baina aitzakiak amaitu zaizkio, Arabako metalean lortutako akordioa da adibidea; eros ahalmena bermatuko duen hitzarmen bat egin daiteke, lanaldia murriztuko duen hitzarmen bat egin daiteke, subrogazioa beste kolektibo batzuetara zabalduko duen hitzarmen bat egin daiteke… aurrerapen horiek guztiek ez dute enpresen bideragarritasuna arriskuan jarriko, FVEMek sinetsarazi nahi digun bezala.
Ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean, Bizkaiko metalaren sektorea grebara joan zen, patronalak negoziazio mahaia blokeatu zuelako.
Greba egun horiek historikoak izan ziren. Benetako indar erakustaldia. Sektorea gelditu egin zen, eta langileek mezu argia eta zuzena bidali zioten patronalari: horrela ez! Aski da! Akordio duin bat nahi dugu eta ez gara geldituko lortu arte!
Sektoreko sekulako inflazio tasak eta lan karga handiak jasaten ari gara. Enpresek inflazioaren kostuak beren produktuetan aplikatu dituzte, horrek eragin dezakeen kaltea minimizatuz. Hala ere, uko egiten diote soldatak inflazio horien arabera igotzeari. Eta hortik ez gara pasako!Ekaineko eta uztaileko greben ondoren ohartarazi genuen, berriro negoziazioekin hasterakoan eta mahaian edukirik ez izan ezkero, sektore osoa prest zegoela mobilizazio gehiago egiteko. Eta horretan ari gara!
FVEM mahaira itzuli da bere jarrera berdinarekin, harrokeriaz. Aurrera egiteko inolako asmorik gabe. Metalgintzako langileak berriz ere gutxietsi dituzte. Eta hori onartezina da!
Hori dela eta, negoziazio mahaian gehiengoa duten sindikatuek Bizkaiko metalaren sektorean 3 greba egun berri deitu ditugu (urriaren 27an, 28an eta azaroaren 2an), eta FVEMi eta sektore osoari jakinarazten diegu, hiru greba egun horien ostean akordiorik ez badago, greba berriak deitzen jarraituko dugula.
Horregatik guztiagatik, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek, gurekin dauden delegatuekin batera, dei egiten diegu sektoreko langile guztiei greba egunetan eta iragartzen joango garen mobilizazio egutegi osoan parte hartzeko.