Astean 32 ordu lan egitea. Hau da, urteko banakako 216 lanalditik 173 egunekora pasatzea. Soldatarik galdu gabe. Horixe proposatu du gaur LAB sindikatuak Iruñean eman duen prentsaurrekoan, Landabengo Volkswagen lantegiko plantillaren ustezko soberakinari aurre egiteko. Sindikatuaren arabera, bere proposamenak lan guztia banatzea ahalbidetuko luke, behar diren egunetan lantegia irekitzea ahalbidetuko luke eta ekoizteko gaitasuna mantenduko luke.
Asier Calderón LABeko Industria federazioko arduradunak eta Raul Portillo Volkswagenen sindikatuak duen ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duten bezala, aurreikuspen negatiboenen arabera, 400 eta 600 pertsona artekoa izanen da Volkswagen Nafarroan modelo elektrikoak fabrikan egitean plantillaren soberakina. Enplegua banatzeko LABek egindako proposamenak soberakin hori osorik irentsiko luke, lantegia urtean 218 egunez irekita edukitzea ahalbidetuko luke, eta ez luke inolaz ere ekoizpen-gaitasuna murriztuko.
Volkswagen Nafarroako lantegiaren elektrifikazioa multinazionalak hartutako konpromiso bat da, langileok betetako akordioen ondorioz bete beharrekoa. Akordio horiek produktibitatearen eta urteko lanaldiaren handitzea suposatu dute. Horren ondorioz, lan erritmoak eta denborak handitu direnez, lesio muskulu-eskeletikoetako aldi baterako desgaitasunak biderkatu dira. Modu berean, soldata eskala hirukoitza bertze urte batez luzatzea suposatu du ere, prekaritatea handituz.
Mutuen akordioak Osasunbidearen bitarteko ekonomikoak murrizteko baino ez du balio izan, gaizki deitutako Gizarte Segurantzaren entitate laguntzaileen mesederako, kontingentzia arrunten gestioa mutuetara pasatuz. Horren ondorioz absentismoak %3,5 egin du goiti, eta hala ere horiek diruz laguntzen jarraitzen da.
LABek ez zituen akordio horiek sinatu. Bertze proposamen batzuk egin zituen, baina entzungor egin zitzaien. Hala ere, LABeko jendeak, lankide guztiek bezalaxe, egin ditu egin beharrekoak. Orain enpresari dagokio bere aldea betetzea.
Elektrifikazioa aldaketa teknologiko bat da, enpresak bere gain hartu behar duena. Automozioaren industria etengabeko eboluzioan dago, beraien negozio eredua da. Ez da deus berria.
Volkswagen Nafarroa ekonomikoki saneatuta dagoen enpresa bat da, urteroko 60.000.000€ko onurak dituena. Automozioko bertze marken moduan, Volkswagen PERTEaren hautua egin du [ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoa], berez enplegua mantentzeko helburua duena, eta prentsan agertu denaren arabera ―ez baitute inongo informaziorik eman honen inguruan―horri esker 167.000.000€ jasoko ditu, hauetatik 95.000.000€ zuzeneko subentzioen bitartez jasoko dituenak.
Multinazionalari ardura soziala exijitu beharra zaio, herritarrak izanen baitira zergen bitartez diru injekzio hori ahalbidetuko dutenak. Eta horretarako, pastelaren puska handiena zeinek eramanen duen erabakitzeko lantegi desberdinen arteko lehia bat baino, beharrezkoa dena lanaren banaketa bat da, lanaldiaren murrizketan oinarrituko den lan banaketa bat. Baja eta absentismoa murriztea suposatuko duena.
LABek aurre eginen dio Volkswagenen plantillaren edozein murrizketari. Lanaldia murrizteaz eta lana banatzeaz hitz egiteko aukera paregabea zabaldu da. Eta haren aitzinean, LABek proposamen guztiz egingarri bat mahaigaineratu du, onura sozial nabarmenak ekarriko lituzkeena.