2024-11-25
HomeEkintza SindikalaGatazka kolektiboa planteatuko dugu, Glovoko langileei Ostalaritzako Hitzarmena aplikatzeko

Gatazka kolektiboa planteatuko dugu, Glovoko langileei Ostalaritzako Hitzarmena aplikatzeko

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoa eman du Glovoko langileen erregularizaziorako urrats berri baten berri emateko. LABek gatazka kolektibo bat planteatuko duela iragarri du, langile hauei ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzeko.

Plataforma digitalen agerpenak lan-harremanen birkonfigurazio berri bat ekarri du, baita kontratatzeko eta lan-esplotaziorako formula berriak ere. Digitalizazioa, langileen eskubideei dagokienez, aurrerapausoa izan beharrean, atzerapauso argia izan da, prekarizazioan koskat bat gehiago estutzea.

Glovo bezalako enpresen ezaugarri nagusia da lege-iruzurrean jarduten dutela eta zigorgabe sentitzen direla hori egin ahal izateko. Kosta ahala kosta saihesten dute lan-harremana besteren konturako langile gisa aitortzea.

Autonomoen erregimenean alta ematera behartzen dituzte langileak, baina lana antolatzeko orduan ez dute inolako autonomiarik, algoritmo batzuen mende baitaude.

Lehen ondorioa da prekaritate absolutuenean lan egitera behartuta daudela, lan-ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide arauturik gabe edo lan-osasunerako eskubiderik gabe, eta are okerragoa dena, zaurgarrien arteko gerran sartzera behartuta daudela; izan ere, lan-sistema hori langileek beren artean lehiatzeko pentsatuta dago, hilaren amaierara iristea ahalbidetuko dien soldata baten truke.

Baina lan egiteko modu horrek bigarren ondorio bat ere badu, lehenengoa bezain garrantzitsua. Kontratazio-formula horrek negoziazio kolektiborako eskubidea kentzen die, ez dute ordezkari sindikalak aukeratzeko eskubiderik. Azken batean, kontua da defentsa kolektiborako tresnarik ez izatea.

Lan egiteko modu berri horiek erronka dira sindikalismoarentzat. Gainera, badakigu plataforma digitalen ugaritzea geratzeko etorri dela, asko direla plataforma horien bidez eskain daitezkeen zerbitzuak. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu langileen eskubideei buruzko jarrera markatzea.

LABek apustu garbia egin du sindikalismoa berritzeko eta sindikalismo berri bat eskaintzeko, langile guztientzako tresna erabilgarria izan nahi duen sindikatu bat garelako. Horregatik, hasieratik eta enpresa horiek gurean sartu diren unetik, oso argi izan dugu ekin behar genuela, ezin genuela lan-esplotazio hori onartu.

Prozesu honetan, bi helburu oso argi ditugu:

  • Lehenengoa: kontratazioan gertatzen ari den lege-iruzurra amaitzea eta haien lan-harremana aitortzea. Besteren konturako langileak direla eta Araubide Orokorrean sartu behar direla onartzea. Eskubideetan parekatu behar dira gainerako langileekin.
  • Bigarrena: lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzea, Negoziazio Kolektiborako eskubidea aitortuz.

Hiru urte baino gehiago daramatzagu borroka honetan. Lan Ikuskaritzan salaketak jarri ditugu, epaitegietara jo dugu, ekintza sindikala aktibatu dugu eta sindikatuaren barruan kolektiboa antolatzeko pausoak eman ditugu.

Borroka honek bere fruituak eman ditu. Oraindik bide luzea dago egiteko, eta irtenbideak planteatzen jarraituko dugu.

Lehen helburuari dagokionez, Lan Ikuskaritzan egindako salaketek eta epai judizialek ez dute zalantzarik uzten, lan-harremana eztabaidaezina da. Bizkaiari dagokionez, Justizia Auzitegi Nagusiaren epai irmo bat dago, Glovoko langileak besteren konturako langileak direla, Langileen Estatutua aplikatzea eska dezaketela eta urtebeteko atzeraeraginarekin diru-kopuruen demanda bat has dezaketela aitortzen duena.

Gure ustez, gainerako herrialdeetan, behin salaketen ibilbidea eta ibilbide judiziala amaituta, emaitza berbera izango da.

Rider Legeak berak berariaz jasotzen du besteren konturako langileak direla. Lege hau motz geratu da riderren enpresen portaera onartezinak saihesteko erregulazioan.

Guztiz salagarria da Glovok prozesu osoan izan duen jarrera oztopatzailea, lan-harremana aitortzea saihestuz, langileei presioa eta xantaia eginez, eta bere gain hartuz langileen egoera ez erregularizatzeagatik jarritako isunak. Jarrera mafiosoak dira ez-betetze planifikatu baterako. Eta hori posible da administrazioa ez delako ausardiaz jokatzen ari praktika horiek desagerrarazteko, eta horretarako zigorgabe sentitzen direlako.

Horregatik, Glovo fiskaltzaren aurrean salatu dugu, langileen eskubideen aurkako delitu larri eta jarraitua egotzita.

Bigarren helburuari dagokionez, hau da, lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzeari dagokionez, gatazka kolektibo bat planteatuko dugu, langile bakoitzari Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboa aplika dakion.

Beste urrats bat emateko unea da, eta beharrezkoa dela uste dugulako egiten dugu, baina, batez ere, horretarako baldintzak sortu ditugula uste dugulako.

EAEko Ostalaritzako Esparru Akordioan, jasota dago riderren kolektiboa ostalaritzako hitzarmenaren aplikazio-eremuan.

Lortzen ari garen epai judizialek ere bermatzen dute Ostalaritzako Hitzarmenean sartzeko aukera.

LABek ahal diren bide guztiak erabiltzen jarraituko du, salaketa, bide penala eta ekintza sindikala, langile hauen eskubideak bermatzea lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.