Gaur, LAB sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo enpresa, langileen kontrako delitu larri eta jarraituagatik. Asko dira arlo laboralean enpresa honen aurka LABek irabazi dituen prozesuak, asko sindikatuak berak hasiak eta beste batzuk inspekzioak. Horietan guztietan erdietsi den ondorioa argia da: Glovoko langileak ez dira autonomoak, besteen konturako langileak baizik.
Honetaz gain, astelehenean prentsaurrekoa egingo du LABek, Glovoko langileen eskubideak aitortzeko ekimen juridiko bat iragartzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta hainbat riderrek hartuko dute parte bertan.
Langile horien borrokari esker Estatu maila ere izan da berrikuntza legalik, hain zuzen, legeak berak espresuki jasotzen du orain langileok besteen konturako langileak direla, ez autonomoak. Puntu honetan, ezin ezkuta dezakegu gure ustetan aldaketa normatiboa ausartagoa izan zitekeela eta riderren enpresen jokabide onartezinarekin behingoz amaitu.
Glovok ordea, lege, epai eta ebazpenen gainetik nahi duena egiten jarrai dezakeela uste du. LABetik argi dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula Glovoko langileen eskubideak betearazi daitezen, eta kasu honetan, bide penalari heldu diogu.
Egun, langileek besteen konturako langile izaera onartua badute ere epai irmo edota ebazpen bidez, Glovok autonomoen eraentzan altan ematera behartzen ditu, eta ondorioz, erregimen orokor eta autonomoetan, bietan, daude alta emanda. Horrekin batera, enpresak ez dizkie oinarrizko eskubideak onartzen: oporrak, lanaldiak…
Horregatik salatu dugu gaur Glovo fiskaltzaren aurrean langileon eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik, epai eta ebazpen administratiboei entzungor egiteagatik.
Aurkeztu dugun idazkiak LAB parte izan den prozesu laboral anitzen argazkia jasotzen du, fiskaltzari berri emanez langileok besteen konturako langileak direla ebatzia eta irmoa den egitatea dela. Horrekin batera, egun bizi duten egoera eman diogu ezagutzera, dagozkien eskubideak nola urratuak izaten ari diren sistematikoki: gizarte segurantzan altak bi erregimenetan; ez dute soldatarik ordaintzen, fakturak igortzen dituzte langileok autonomoen erregimenean altan egotera behartuz; aldebakarreko lanaldi aldaketa etengabeak, bide judizialean baliogabeak deklaratuak izan direla asko; deskantsu baldintzen urraketak; etabar luze bat, luzeegia.
Horrela, LABetik uste dugu badela garaia ebazpen judizial eta administratiboen gainetik Glovok nahi duena egiteari utz diezaion eta bertako langileen eskubideak errespeta daitezen. Eta horien defentsa jarraituko dugu, bide judizial eta sindikala uztartuz.