Neurri honek ondorioak izango ditu familia askorentzat. EAJ eta PSEren asmoak baietzatzen badira, aurten, urte erdialdetik aurrera ikusiko dute nola murrizten dituzten Laguntzak, bien bitartean, politiko berdinek zalantzarik ez dutenean aberatsei zerga gutxiago ordaintzen laguntzeko, adibidez, Gipuzkoan zegoen aberastasun handien zerga kenduz.
Argiak dira iazko datuak. 2015ean zehar 1.440 familiak jaso dituzte Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzak. Gogora dezagun 2012an sortu zela azken hau, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) egindako murrizketei aurre egiteko.
Gogora dezagun EAEn DSBE jasotzen dutenen %19a soldatapeko langileak direla. Honek argi erakusten du enpresario batzuk krisia erabiltzen dutela soldatak jaisteko. Gipuzkoan, 3.010 pertsonek jasotzen dute DSBE euren soldata osagarritzeko, hilero gorantz doan kopurua.
Horregatik LABetik exijitzen dugu behar duten pertsonei DSBL mantentzea. Pentsa dezatela pertsonengan, egin dezatela lan guztiei laguntzeko eta laguntza sozialetan ezarritako murrizketak indargabetu daitezela.
Erabiltzen diren argudioak, dei efektuari dagozkionak esaterako, diskurtso xenofoboak izkutatzen dituzten aitzakiak baino ez dira, guztiz onartezinak direnak baina gero eta gehiago ari direnak zabaltzen, Europa zein Euskal Herriko politikoen artean. Ikusten dugu nola erabiltzen diren gero eta gehiago murrizketak ezarri edo errefuxiatuak kanporatzeko.
Gaur, inoiz baino gehiago, instituzio publikoek neurria eman behar dute, beharrizan sozial larriak dituztenen aurrean, jan eta duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten, edozein lekutakoak izanda ere.