2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaZentralizazioaren aurrean, Euskal Esparruaren alde indarrak batu eta aliantzak eraikitzeko unea da

Zentralizazioaren aurrean, Euskal Esparruaren alde indarrak batu eta aliantzak eraikitzeko unea da

LAB sindikatuak gaur, hilak 8, eskaini duen agerraldian azaldu du CCOO, UGT eta Confemetalek egindako akordioak berriro ere agerian utzi duela ez dutela negoziazio kolektiborako marko propiorik nahi. Bestalde akordio horrek negoziazio kolektiboan ondorio larriak izango dituela salatu du sindikatuak.

Aspaldi salatu genuen estatuko hitzarmenen inboluzioa gertatzen ari dela. gero eta gehiago dira, Madrilen, bertako sektore hitzarmenen negoziazio ahalmena mugatzen ari diren hitzarmenak. Azkena metalekoa. Hau oso larria da, gutxinaka gutxinaka bertako negoziazio esparrua edukiz hustutzen ari dira. Honela Patronalak hitzarmen merkeagoak lortzen ditu eta hemengo langileen lan baldintzak kaskartzea lortzen du.

CCOO eta UGT sindikatuek ere patronalaren bide bera hartu dute, ez dute negoziazio kolektiborako marko propiorik nahi. Lan harremanetan erabakitzeko esparrua Madrilera eramaten ari dira. Hori egin dute argi eta garbi metaleko hitzarmen berri honekin. CCOO gezurretan ari da, akordio horrek bertako hitzarmenak babesten dituela esaten duenean. Hemengo sektore hitzarmenak erabat estatukoaren menpeko egiten ditu. Gutxinaka gutxinaka estatu mailan sektoreko langileen soldata eta lan baldintzak berdintzeko asmo argia azaltzen da, hemengo hitzarmenak estatuko hoberenak dira, beraz argi dago bide honetatik ezer onik ezin dezakegula espero.

Tamalgarria da. CCOOek, sindikatu abertzaleok, negoziazio kolektiboaren blokeoaren erantzule egiten gaitu. Baina LAB langileen mesedetan lan egiteko dago, ez patronalari men egiteko. Lan erreformari aurre egiten ez dion hitzarmenik ez du sinatuko LABek. Prekarietate gehiago ekarriko duten hitzarmenek ez dute LABen oniritzirik izango.

CCOO eta UGT CONFEBASKentzat aliatu ezin hobeak dira, edozertarako prest daude. Gehiengo sindikalari muzin egin eta gutxiengoan hitzarmenak sinatzeko prest daude, edota negoziazio esparruak edukiz hustu eta Madrilera eramateko ere bai. Guzti honek ondorio oso larriak ditu euskal langileontzat.

Denborak arrazoi eman digu eta beraz gure estrategian berresten gara: eremu guztiak defendatu ditugu, sektoreartekoa, sektorekoa nahiz enpresakoa. Sektore hitzarmenak blindatzeko helburuz, negoziazio kolektiborako marko propioaren aldeko apustu argia egin dugu, bi akordio interprofesionalen negoziaketan parte hartuz besteak beste, argi baitago negoziazio kolektiborako esparru propioa ezin dela enpresaz enpresa eraiki.

Angel Toña Sailburuak negoziazio kolektiboa ez dela konpetentzia politikoa esan du. Negoziazio kolektiobaren araberakoa da lan harreman eredua, eta lan harreman ereduaren araberakoa garapen eredua, hiruko erregela honen emaitza beraz zein da? Arazo politiko baten aurrean gaudela. Jaurlaritzak, instituzioek, ezin dute beste alde batera begira egon.

Argi dago, CONFEBASKek ez duela euskal esparrurik nahi, ez duela negoziazio kolektiborako marko propiorik nahi. Eta Jaurlaritza CONFEBASKekin lerrokatu da, ez dute kritika bakar bat ere izan eurekiko, bai ordea gurekiko, errealitatetik kanpo omen gaude. Oker daude. Langileen ondoan gaude eta prekarietatearen eta pobreziaren hedapena besterik ez dugu ikusten. Negoziazio kolektiboa Madrilen egiten bada egoerak okerrera egingo du.

Arazo politiko larri baten aurrean gaude. LABek jarraituko du proposamenak egiten eta eremu instituzionala interpelatzen. Aburtok elkarrizketa sozialeko mahaia osatzeko asmoa agertu zuenean egin genuen proposamena, LHK – CRLn hitzarmenak desblokeatzeko egin genuena…Eremu politikoak ezin du beste aldera begira jarraitu.

Mobilizatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen. Apirilaren 14ean Atanon dugu hurrengo hitzordua eta maiatzerako agenda mobilizazioz betea dugu. Jauzi bat egingo dugu ekintza sindikaleko dinamikan, negoziazio kolektiboa baldintza hobeagoetan berreskuratu asmoz.

Egoera latza da, erronka handiak. Horregatik gaurkoan euskal esparruaren alde gaudenon artean, LHEE/BSEE defendatzen dugunon artean indarrak batu eta aliantzak eraikitzeko momentua dela esanez bukatu nahi dugu. LABek beti izan du eskua luzatua horretarako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.