2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBizkaiko garbiketako hitzarmena sinatu dugu, afiliatuen batzarraren erabateko babesarekin #LortuDugu

Bizkaiko garbiketako hitzarmena sinatu dugu, afiliatuen batzarraren erabateko babesarekin #LortuDugu

Irailean afiliatu eta hurbilekoekin egindako asanbladetan uztailean lortutako aurreakordioa ospatu eta babestu egin dugu. Orain arte egindako batzar jendetsuenak izan dira honako hauek, eta, aurreakordioa bertan berretsi ondoren, Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmena sinatu dugu gaur.

LABek harro esan dezake mobilizazio-prozesu honen ondoren gure afiliazioarekiko harremana aberastu eta indartu egin dela. Gure asmoa garbiketako sektoreak zuen norabidea aldatzea zen, eta 30 urte baino gehiago grebara irten gabe zeraman kolektibo batean borroka aktibatu genuen. Hilabete hauetan gure arteko konplizitate eta konpromiso sareak sortu ditugu, eta orain inoiz baino ahaldunduago, hobeto antolatuta eta indartsuago gaude.

Hilabete hauetan gurekin egon denak badaki. Borrokaren lehen lerroan LAB egon da. Sektoreko sindikatu nagusiak bere ahalegin guztiak gutxi batzuentzako akordioak lortzeko inbertitzen zituen bitartean, eta Estatu mailako sindikatuek besoak gurutzatuta gainerakook borrokatzen genituen emaitzak itxaroten zituzten bitartean, LAB izan da bere indar guztiak garbiketako sektoreko hitzarmena hobetzen jarri dituen bakarra. Piketeetan LAB egon da, enpresen okupazioetan LAB egon da, itxialdietan LAB egon da, errepide mozketetan LAB egon da. Hurbiletik gatazka hau jarraitu duenak aitortu besterik ezin du egin.

Hitzarmen hau sinatuta, hasieran ezinezkoa zirudiena lortu dugu: % 13ko soldata-igoera, gutxienez 1.200 euroko soldata 15 ordainsaritan eta lanaldi partzialen egoera arautzeko atea ireki dugu, besteak beste. Azken batean, borrokak emaitzak ekarri ditu, eta, horrela, zoru komun eta duina eskaini diegu gure sektorean lan egiten duten 12.000 langile ikusezin baino gehiagori.

Inork ez zigula ezer oparituko bagenekien, orain ikasi duguna da indarrez eta erabakitasunez dena lortzeko gai garela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.