2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEuskal Telebistako langileei 2010etik lapurtutako soldataren %5a itzuli behar diete

Euskal Telebistako langileei 2010etik lapurtutako soldataren %5a itzuli behar diete

Gaur jaso dugu % 5eko murrizketa bertan behera utzi duen Auzitegi Gorenaren epaia. Epai honek Euskal Telebistako langileei ordutik hona kendutako diru guztia itzultzeko agintzen du. Baina LABek ez du aurreikusten Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak besterik gabe bidegabekeria etengo dutenik, eta bestelako fronteak ireki beharko dira. Zentzu honetan LABek borroka instituzionala eta sindikala planteatzen du.

Prozesua berriro argitzearren:

– 2010ean Madrilgo PSOEren gobernuak %5aren murrizketa agindu zuen dekretuz Estatu osoko administrazio publikoetako langile guztientzako. Erkidego autonomoak agindua egokitzera behartuta zeuden.

– EAEn agintean zegoen PSEren gobernuak erabakia sektore publiko osora zabaldu zuen. Hau da, administrazio publikoez gain, sozietate publikoei ere ezarri zien murrizketa. Arazoa hor sortu zen, Jaurlaritzak ez duelako eskumenik oinarrizko lege baten gainean (langileen estatutua kasu) legislatzeko.

– 2011ko urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusiak gure salaketen kontrako ebazpena eman zuen. Ondorioz langile batzordeek helegite bana jarri zuten Madrilgo Auzitegi Gorenean (TS). Eusko Irratikoa eta EITBkoa ELAk bideratu zuen, eta Euskal Telebistakoa LABek. Kontuan hartu behar da EITBko kasua ez dela sartzen, administrazio publikoa delako eta ondorioz murrizketa legearen barruan egin zen.

– Auzitegi Gorenak 2014ko irailean atera zuen ebazpena: Eusko Irratiaren eta EITBren murrizketen kontrako helegitea ez zuen onartu. Euskal Telebistaren kasuan, LABek neurriaren konstituzionaltasuna auzitan jarri zuenez, Gorenak zalantza hau Auzitegi Konstituzionalera (TC) bideratzea erabaki zuen.

– 2015eko uztailaren 31n Auzitegi Konstituzionalak Euskal Telebistako langile batzordearen helegiteari eman dio arrazoi eta gaur Auzitegi Gorenak azken epaia bidali du.

Oraingo egoera, labur-labur:

– Euskal Telebistan: Esan bezala, 2010eko uztailetik ETBko langileoi hilero-hilero nominatik kendu izan diguten zatia itzuli behar digute. Horretaz gain jakina, hemendik aurrera ezin izango digute gehiago kendu, soldata maila 2010eko lan hitzarmenean jasota dagoen bezala finkatuz.

– Eusko Irratian eta EITBNETen: Bi lantokietan dagoeneko gatazka kolektiboak sartuta daude murrizketak eteteko eta atzerapenak kobratzeko. Halere, Auzitegi Konstituzionalak argi utzi zuen atzera-eraginaren data berak ateratako ebazpenarena izango zela. Hau da, 2014ko uztailaren 31ra arte eskatu ahal izango dira atzerapenak. Inork 2010era arte eskatu nahi izan ezkero bide zaila eta garestia izango luke, salaketak kontentziosoan eta indibidualak izan beharko zirelako.

Aurrera begira:

Euskal Telebistan, zuzendaritzari dirua itzultzeko eta murrizketak eteteko bideak berehala irekiko ditugu, ez da arazorik egon behar. Eusko Irratian eta EITBNETen, esan bezala bide juridikoa aktibatuta dago, eta denbora emango du. EITB Netean, esan bezala bide juridikorik ez dago, eta LABek planteatzen duen borroka instituzionala eta sindikala da. Ez da aurreikusten Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak besterik gabe bidegabekeria etengo dutenik, eta bestelako fronteak ireki beharko dira. Administrazio Kontseiluan LABeko ordezkariaren bitartez eskatuko da murrizketen itzulpena EITB taldeko langile guztiei egitea, eta Parlamentuan EH Bildu ari da. Bide instituzionala garrantzitsua izanik ere, ez dugu uste indar korrelazio nahikorik egongo denik gure eskaerak aurrera egiteko. Batez ere kontutan hartuta PSEk zein EAJk eta PPk izan duten jarrera aktiboa murrizketa hauek ezartzeko eta mantentzeko.

Erakundeek (Zuzendaritza, Parlamentua eta Jaurlaritza) murrizketak mantentzeko jarritako aitzakia segurtasun juridikoarena izan da. Orain segurtasun juridikoa da murrizketa legez kanpokoa izan dela. Eusko Irratian eta EITBNETen ez dago zertan legea urratzen jarraitu beharrik, baina borrokatu beharko dugu.

Beraz LABek EITBko langile guztiei dei egiten die ETBko langileen poza ospatzeko eta Taldeko gainontzeko langile guztien murrizketaren kontra borrokatzeko, hori ere ospatzen amaituko dugu eta!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.