2024-11-23
HomeEkintza SindikalaNafarroako Gobernuak eta Osasun Departamentuak Osasunbideko 350 langile kaleratu dituzte

Nafarroako Gobernuak eta Osasun Departamentuak Osasunbideko 350 langile kaleratu dituzte

Osasun Departamentuaren kudeaketa kaskarraren ondorioz, eta Nafarroako Gobernuak osasun publikoarekin eta herritarrekin duen konpromiso falta dela eta, azken honetan zifra onartezinak ikusten ari gara, asistentziaren kalitatea eta langileen eskubideak inola ere bermatzen ez dituztenak. LABek horren gaineko erantzukizun politikoak eskatzen ditu, eta, hori dela kausa, langile guztiei eta herritarrei gonbita egiten die parte har dezaten zerbitzu publikoak defendatzeko asmoz Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Lizarran eta Tuteran eginen diren ekimen eta mobilizazioetan.

Nafarroako Gobernuak langileriaren eta ekonomiaren arloetan egin duen kudeaketa kaskarrak zenbaki gorritan utzi du Osasunbideko plantilla, funts guztiak itxaron-zerrendak murriztera desbideratuko baitituzte, kontratazio berriei ateak ixtearekin batera. Horregatik, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari exijitzen dio ez ditzala erabili orain arte ezinbestekoak ziren langile horiek bere kudeaketa kaskarrak eragindako zenbaki penagarriak zuzentzeko eta bere interes politikoen mesedetan.  

    • Ez da egia dirurik ez dagoela: pandemia bitartean, 30 milioi euro baino gehiago erabili dira produktibitateak ordaintzeko. Diru banaketa hori, LABek askotan salatu duen bezala, ez da eraginkorra izan, eta gutxi batzuen mesederako izan da. Gehienen iritziz, konponbide txarra izan da. Gainera, agintarien bulegoetan negoziatu da, osasungintza publikoaren defentsan batere interesik ez duten eragile batzuek bultzatuta, arlo horren espoliazioa besterik bilatzen ez duten horiexek, hain zuzen.  

    • Ez da egia langile gehiegi daudela. Urteak daramatzagu plantilla dimentsionatu gabe, eta langileria arloaren kudeaketa ezin txarragoa izan da. Medikuak eta erizainak falta dira, eta ratio egoki eta proportzionatu bat ere bai. Baina gainerako kategorietan ere langileak falta dira, eta ez dezagun ahaztu haiei esker ematen zaiela erantzun egokia sortzen ari den lanari.

    • Ez da egia itxaron-zerrendak murrizten saiatu direnik. Kontsulta espezializatuetako eta arlo kirurgikoko jarduera ez da pandemiaren aurreko egoerara itzuli. Jarduera hori kudeatzen duten zerbitzuetako buruek ez dute inolako kontrolik jardueraren gainean, eta horren jakitun dira. Egoera horren erantzuleak dira profesionalen zuzendariak, zentroetako gerenteak eta Osasun Departamentua, ezarri duten kudeaketa medikoaren sistema erabat zaharkitua dagoelako eta ahultasun asko dituelako.

    • Ez da egia itxaron-zerrendak handitzea zerbait puntuala dela; aitzitik, ongi pentsatutako estrategia baten ondorioa da. Zerrendak gutxitzeko balio dutela argudiatuz, peoi-bilketa handiak egin behar dira (aparteko orduak), eta horrek neurri gabeko gastua ekarriko du. Itxaron-zerrenda luze horien onuradun nagusia osasungintza pribatua da, bai eta aparteko orduak nolanahi kudeatzeko ardura dutenak ere. Batzuk etengabe kexatzen dira, baina inolako konponbiderik aurkeztu gabe. Horren aurrean, orain adabakiak jarri nahi dira, baina arazoa errotik konpondu gabe.

Osasunbideko ia 400 langile kalera joanen dira, eta LAB sindikatuak egoera hori salatu nahi du langile guztien aurrean eta nafar herritarren aurrean. Horren erantzukizuna politikoa da, iniziatibarik ez dagoelako eta Nafarroako Gobernua kudeaketa negargarria egiten ari delako osasunaren eta langileriaren arloetan. Gobernu honek –aurretik Navarra Sumakoak eta langileen ordezkari batzuek egin zuten bezala– ez du inolako neurririk hartzen gure osasungintza eta gure zerbitzu publikoak kalitatezkoak izan daitezen. Izan ere, osasun sistema publikoaren pastela eta interes ekonomikoak oso handiak eta oso erakargarriak dira eragile askorentzat.

Basakeria horren aurrean, LABek exijitzen du kanporatutako langileak berriz kontratatuak izan daitezela eta sortzen ari den ohiko eta ohiz kanpoko jarduera zorrotz kontrolatua izan dadila, eta, orobat, argitu daitezela ekonomiaren eta langileriaren arloko kudeaketa penagarriaren ondoriozko erantzukizun politikoak.

Hori guztia salatzeko, LABek mobilizazio hauetarako deia egiten du:

Irailaren 30ean, 11:00etatik 11:30era bitarte, elkarretaratzeak eginen ditugu leku hauetan:

 -Vianako Printzea Kontsulten Zentroan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zabalgunean.

-Lizarrako García Orcoyen Ospitalearen ate nagusian.

-Tuterako Reina Sofía Ospitalearen ate nagusian.

Mobilizazio horietan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Kudeaketa interesatu gehiagorik ez!

Kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.