2024-12-19
HomeEkintza PolitikoaXedapen gehigarriak proposatuko ditugu, EAEko Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan

Xedapen gehigarriak proposatuko ditugu, EAEko Hezkuntza Legeak langileen eskubideak berma ditzan

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarrek agerraldia egin dute,  EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren balorazioa egiteko eta urriaren 6rako, Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren defentsan, egingo dugun mobilizazioa iragartzeko (Gasteiz, Bilbo plaza, 12:00). Izan ere, langileen aldarrikapenak kontuan izan eta Hezkuntza Legean eragiten jarraitzeko mobilizazioaren beharra dagoela azpimarratu dugu.

Hezkuntza Legeak Euskal Eskola Publiko Komunitariorako, sare publiko eta berri baterako, trantsizio bidea izan behar duela uste dugu, eta horretarako Hezkuntza Legearen zirriborroak baduela zer hobetu iritzi dugu.

1. Hezkuntza Sistema Propio bat garatzeko dituen gabeziak zuzendu behar dira

  • Ez du ezer esaten Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabea eratzeko duen eskubideaz. Indarrean dagoen Autonomia Estatutuak ez du hezkuntza gaietan eskuduntza osorik barnebiltzen; beraz, hezkuntza eskumen osoaren transferentzia eta hezkuntza gaietan erabaki ahalmen osoa beharrezkoa dela jaso behar da.
  • Euskal currriculuma garatu eta hezkuntza-sistema osoan ezarri behar da. Lege-proiektuak jaso beharko luke, epe motzean. Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta, adituekin eta eragileekin elkarlanean, euskal curriculuma osatzea eskatzen dugu.
  • Langileria propioa izan eta arautzeko eskubidea jaso behar da.

2. Langileen eskubideei dagokienez, xedapen gehigarriak proposatuko ditugu. Atal honetan legeak gabezia handiak dituela uste dugu

  • Titularitate publikoko ikastetxeetako langileei dagokienez, Hezkuntza Sailak enpleguari eutsi eta egun dagoen langileen lanpostu zerrenda ezingo du gutxitu lege hau indarrean dagoen bitartean.
  • Itundutako ikastetxeen langileak langile publikoekin homologatzea planteatuko dugu, baita zerbitzuetako langileen lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin homologatzekoa ere.
  • Sarbide gardenerako araubidea arautu behar da urtebeteko epean. Prozedura arautu honek, gardena izan dadin, derrigorrez jasoko ditu meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioak bermatu eta eskaintzen publizitatearen inguruko betebeharrak.
  • Pribatizaturiko zerbitzuen errebertsioa eta publifikazio prozesuak. Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean, errebertsio prozesuez aritzeko plangintza garatuko du. Lehentasunez, azpikontrataturik dauden garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileen lehengoratzea.

3. Eskola publikoak hezkuntza sisteman ardatz izan behar duela aldarrikatzen dugu

  • Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa berehala aurkeztea eskatzen dugu. Bertan, azpiegituretara edo edo lan baldintzen alorrean dauden beharretara bideratzen den inbertsioa kuantifikatuko da.
  • Publifikazio araudia zehaztu behar da, horrela nahi duten ikastetxeek, beti ere alde sozialarekin negoziatuta, aukera izan dezaten.
  • Haurreskolak Patzuergo Publikoa indartu eta hedatu egingo da. Bertatik bermatuko da eskaintza unibertsal, kalitatezko eta doakoa.

4. Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxeen betebeharrak gehiago zehaztea eskatzen dugu

  • Euskalduntzea: gai honetan zehaztasun falta sumatzen dugu. Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezarri behar da, egungo hizkuntza ereduak gaindituz.
  • Laikotasuna: oso modu lausoan agertzen da. Ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo.
  • Inklusioa: segregazioari aurre egiteko asmo eta neurri batzuk jaso arren, hemen ere zehaztasuna falta da. Ikasleak onartzeko prozedura bakar bat arautu behar da eta horretan Udal Hezkuntza Kontseiluaren eskumenak zehazteko zuzenketa planteatzen dugu.

Zehazten diren betebeharrak, betearazteko kontrol mekanismoak, ez dira batera argiak. Diru publikoaren erabilera egokia ziurtatzeko, auditoria ekonomiko lanak egingo dituen administrazio unitate berri bat sortzea proposatzen dugu. Era berean, ez du ezer esaten, baina legean jaso behar da betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeei ituna kendu egingo zaiela.

Neurri hauen guztien gauzapena posible izan dadin, hezkuntzarako inbertsio nahikoa bideratu beharko da. Lege bidez, hezkuntza arloan urtero dagoen aurrekontu-proiektua ezin da BPGren %6a baino gutxiagokoa izan.

Amaitzeko, Euskal Eskola Publiko eta Komunitarioa helburu, Hezkuntza Legea bide horretan trantsiziorako legea izan dadin, eragiten jarraitu beharra dago. Horretako mobilizazioa beharrezkoa dela uste dugu. LABek urriaren 6an Gasteizen mobilizazio propioa deituko du (Bilbo plaza, 12:00), eta jarraituko du bestelako eragile sindikal eta sozialekin ere norabide honetan adostasunak bilatzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.