2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaMugi gaitezen, independentziaren bidean, mobiliza gaitezen Aberri Egunean

Mugi gaitezen, independentziaren bidean, mobiliza gaitezen Aberri Egunean

Aberri Eguna gertu dugu. Aurtengoan Independentista Sareak Iruñean egin du deialdia martxoaren 27an "Independentziari bai" lelopean. LABek bat eginez, antolatutako manifestazio eta ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu euskal langile guztiei. Manifestazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da Golemen eta egunean zehar ekimen ezberdinetaz gozatzeko aukera izango da.

LAB Sindikatua Aberri Egunaren aurrean
2016/03/23

Independentziaren leihotik begiratzen diogu etorkizunari. Berriki Ipar Hegoa Fundazioak eta Parte Hartuz ikerketa taldeak Euskal Estatuaren aurreko iritziez eta jarrerez argitaratu duten lanaren baitan, herritarrei erabakitzeko eskubideaz galdetu zaienean, gehiengo zabal batek, zehazki %66,8ak baiezkoarekin erantzuten du eta inkestatuen %40,7 Euskal Estatuaren alde legoke. Eta ez hori bakarrik, inkestatu gehienek uste dute Euskal Estatu batean hobeto biziko liratekeela.

Independentzia da tresnarik eraginkorrena Kapitalismoaren parametroen aurkako sistema eraikitzeko. LABentzat independentziaren aldeko borroka, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztien eskubideak bermatzeko borroka da. Beraz, independentzia zertarako? Bizimodu duin bat izateko, lanaren eta aberastasunaren banaketa orekatu bat bermatzeko, zerbitzu publikoen defentsa egokirako, pentsioak bermatzeko, emakumeon eskubideak gauzatzeko, gazteen etorkizuna ziurtatzeko. Independentzia, euskal langileon aldaketa beharrari erantzuteko. Independentzia, etorkizunera begira jarri ahal izateko. 

Aberri Eguna iristear den honetan, arrazoi ugari ditugu Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko. Independentzia ez da helburu bat bere horretan, tresna baizik. Bitartekorik egokiena da, euskal langileon ongizatea eta ahalduntzea bermatzeko. 

Independentziak ez du berez aldaketa soziala ziurtatzen, baina independentziarik gabe ez dago aldaketarik. Eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresna dugu langile eta herri sektoreen ongizatea eta ahalduntzea sustatzea, burujabetzaren bidetik, erabakitzeko eskubidea egikarituz, biharko Euskal Herria zer eta nola nahi dugun erabaki ahal izateko. 

2016ko Aberri Egunaren atarian, LAB sindikatuak ere BAI esaten dio Independentziaren hautuari. Bai, erabakitzeko eskubidearen egikaritzatik abiatuta, Euskal Estatu independente, sozialista, euskalduna eta feminista eraikitzeari. 

DIKTADURA EKONOMIKOAREN AURREAN, HERRIEN EUROPA SOZIALA

Gaur Europan Kapitalak agintzen du. Herrioi, herritarroi, hitza eta erabakia ebatsi egin dizkigute. Erabakiguneak geroz eta urrunago daude. Merkatuek eta espekulatzaileek erabakitzen dute, zirkulazio librea dute transnazionalek; herritarrok, murruetan, sare eta lohietan harrapaturik gaituzten bitartean.

Milaka pertsona behartuta daude euren herriak, bizilekuak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko edo gatazka belikoen ondorioz. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten eta lotsarazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta geopolitikoei erantzuten diete. Krisi humanitarioa deitzen diote, baina gizakiongan ondorio ezin larriagoak dituen krisi politikoa da. 

Horrekin batera, austeritate politiken eragina eta ondorioak nozitzen ari gara, baita gurean ere. Merkatuen interesen gainetik eta gizateriaren kontrako basakeriaren aurrean pertsonak erdigunean kokatuko dituen Herrien Europa Soziala behar dugu, eta hor, Euskal Herriak, herri bezala, Estatu egitura propio batekin kokatu behar du. Herrien Europa Soziala da etorkizuneko giltza. Kapitalismoaren aurrean alternatibak eraiki behar ditugu. Gure alternatiba Euskal Estatu Sozialista da. 

ESPAINIA ETA FRANTZIA, AUSTERITATEA ETA BIRZENTRALIZAZIOA 

Europako diktadura ekonomikoarekin lerratuta, frantziar zein espainiar Estatuak etengabe ari zaizkigu austeritate politikak ezartzen eta aukerarik txikienak ere baliatzen, birzentralizazio prozesuan sakontzeko. Frantziar Gobernuak kemena izan du Espainiakoaren traza bereko lan erreforma mahai gainean jartzeko, 35 orduko lanastea bera auzitan ipiniz. 

Espainian, berriz, azken hauteskunde estatalen ondoren Madrilgo Gobernuan sortu den egoerak ere ez dirudi botere-harremanetan berrikuntza handiegirik ekarriko duenik. Edozer aldatu, ezer alda ez dadin. Horixe da mugimendu eta indar unionista ezberdinen aldetik dakusaguna. 

Estatuekiko menpeko harremanak Euskal Herriaren ukazioa dakar. Murrizketa eta erreformak bata bestearen atzetik, lan eskubideen erasoa, negoziazio kolektiboaren suntsiketa, babes soziala hutsera ekarri izana, langabezia eta pobreziaren zabaltzea, diskriminazioen hauspotzea (izan generoarena, izan ideologikoa), genero indarkeria, kulturaren eta hizkuntzaren aurkako erasoak… 
Espainiar eta frantziar Estatu egituren barruan ez dago inolako burujabetza aukerarik. Burujabetzaren bidean aurrera egingo badugu bada askatu beharreko korapilo bat: erabakiak nork, non eta nola hartzen dituen. Estatuarekiko desanexio prozesua diseinatu eta errealitatea aldatzeko aukerak emango dizkiguten instituzio propioak eratzeko beharra dugu. Geure etorkizunaz erabaki nahi dugu, geure geroa geuk marraztu, bizitzea merezi duen bizitza bat izan dezagun, lanaren eta aberastasunaren banaketatik abiatuz, babes sozial nahikoarekin. Eta horretarako baliabide ekonomiko eta politikoak berreskuratu behar ditugu.

INDEPENDENTZIA LORTZEKO BIDEAN ABIAN GARA

Kapitalismoaren krisi sistemikoak etengabe mehatxatzen gaitu sistemaren berregokitze are basatiago batekin, baina sortu izan diren arrakaletatik tiraka, aldaketarako aukerei tokia egiteko aukera ere hortxe dago.

Bazterketa sortzen duen egungo eredu bidegabearen aurrean aldaketa soziala aldarrikatzen dugu, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial berri bat eraiki behar dugu, eta azken helburura iristeko aldaketa prozesu ezberdinak jarri behar ditugu martxan. 

Frantses Estatuak martxan duen lurralde errefoma handiak erregioen fusioa eta departamentuen desagertzea ekarriko du berarekin. Estatutik datozen erasoen aurrean Ipar Euskal Herriak erabaki propioak hartzeko beharra aldarrikatzen du eta zentzu honetan bide luzea jorratu du. Hain zuzen ere, laster batean, entitate administratibo bilakatzea espero da. Honek lan munduari begira neurri propioak hartzeko bidea irekiko luke.

Nafarroan martxan den aldaketa prozesuak aurrerapauso batzuk ekarri ditu: apartheid sindikalari amaiera eman zaio instituzioetan, Opus Deiri hainbat pribilejio kendu zaizkio, herritarron eskariei erantzuteko prestutasun handiagoa somatzen dugu, baina oraindik ez zaio ekin eredu ekonomiko eta sozialaren oinarriak aldatzeari. Nafarroaren erabateko demokratizazioa behar dugu, administraziotik hasita lantokietaraino. Gehiago behar da, eta horregatik, Nafarroan, aldaketa soziala gauza dadin mobilizatzen jarraitu behar dugu, aldaketa aldarrikatzen lantokietan, aldaketa lan eta bizi baldintzetan. 

Hemen lan egiten dugu eta hemen erabaki nahi dugu. Baina guretzat oinarrizko ariketa den hau, ez dugu ikusten hala denik EAEn Urkulluren Gobernuarentzat. Jaurlaritzak elite ekonomikoen interesekin lerrokatzen jarraitzen du, lan harremanen demokratizazioan urratsak ematetik urrun, beraz. Sektore publikoan 35 orduko lanastea berreskuratzeko egindako keinu itxuraz elektoralistaren ondotik, Espainiako Gobernuaren injerentziaren aurrean Lehendakaria epel eta otzan agertu da. Azken urteetan alde bakarrez eta dekretutzarrak eskutan hartuta agerturiko determinazio hori bera ikusi nahiko genioke Lehendakariari Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan aritzeko, negoziazio kolektiboaren dimentsio politikoa aitortzeko, dagozkigun eskumen eta eskubide guztiak egikaritzeko eta gehiengo sindikalaren aldarriei erantzuteko. Kontrara, baina, azken egunotan sindikatuok errealitatetik kanpo gaudela esaten entzun diogu Urkullu jaunari; langileon errealitatea bai dagoela EAJren proiektu politikotik kanpo. Ez burujabetzaren bidean, ez marko laboral propioaren alde, ezin espero daiteke langileon behar eta interesen neurriko proposamen errealik, sindikatuok baztertu eta independentzia iraganeko kontua dela esaten duen Gobernu baten aldetik. 

Jendartearen inplikazioa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango dira aldaketa eragiteko. Borondate politikoak ez dauden tokian bilatu eta behartu egin beharko ditugu, gehiengo sozialak eratuz eta artikulatuz, ez soilik krisi ekonomiko eta sozialari dagokionean, baita gatazka politikoaren konponbidearen eremuan ere. 

Normalizazio politikoan aurrera egin ahal izateko, fase bat itxi eta berri bat irekiko badugu, argitu beharreko afera ugari dugu oraindik, tartean, nagusiena, Euskal Preso Politikoen egoera. Ez dago Herri bat normalizatzerik ehunka preso espetxean eta dispertsioaren hatzaparretan mantentzen diren bitartean. Etxera ekarri behar ditugu, giza eskubideen ikuspegitik ez ezik, prozesu independentistak behar duen ekarpenari begira ere, preso politikoak subjetu aktibo izan daitezen. 

Korapiloak askatuz aurrera begira jartzeko ordua dugu. Eta etorkizunari begira, Abian eztabaida prozesua martxan jarri dugu Ezker Abertzalean, prozesu independentista eraldatzaile baten bueltan, aspaldiko galderei eta berriagoei erantzun egokia eman nahirik, indarrak aktibatzeko aukerak eta baldintzak sortzeko. 

Hain zuzen ere, krisi ekonomiko honetatik noiz eta nola atera eztabaida politikoa da. Inposatu nahi diguten etorkizun ilun hori alde batera utzi eta solik burujabetzaren bidetik eraikiko dugu benetako alternatiba. Euskal estatura eramango gaituen prozesu independentistak zabalduko digu gure eskubide sozial, ekonomiko eta politikoak bermatuko dituen eredu bat izatera eramango gaituen bidea, demokratizazioan aurrera eginez, iruzurgileak instituzioetatik kanporatuz…

Independentziak ez die soilik gure behar identitarioei erantzuten. Nazio ikuspegitik, korapilo ekonomiko eta sozialak askatzeko tresna izan behar du, gure arazo sozioekonomikoei, eguneroko beharrei, gutako bakoitzari benetako alternatibak eskaintzeko bitartekoa izan behar du.

Baietz diogu. Bai independentziari, bai Euskal Estatuari. Bai demokratizazio prozesuari, babes sozialari, kalitateko zerbitzu publikoei, euskarari, bai, gure lan harremanak berton erabakitzeari, bai enplegu eta industria eredu propioak garatzeari, bai elikadura subirautzari, bai bizitza erdigunean jarriko duen bestelako eredu sozial bati, bai prestazio eta pentsio sistema duin bati, bai kalitateko enpleguari, bai etxebizitza eskubideari, bai herritik eta herrirako sortutako hezkuntza sistemari, bai adierazpen askatasunari, bai bizitzeko osasunez lan egiteari, bai aldaketari, ekonomiko zein sozialari. Bai langileon eskubide sozial eta laboralen aitortzari. Burujabetza nahi dugu langileontzat. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta gurea dekantazio independentista da. Bai, eskubide politiko eta sozial guztiak proiektu justu baten baitan bilduko dituen euskal estatuari.

MOBILIZAZIO SOZIALA, ALDAKETA POLITIKOA, INDEPENDENTZIA

Independentziaren bidea urratzen jarraitzeko mugimendu independentista zabala behar dugu. Helburu horri begira euskal sindikalismoak egiteko garrantzitsua duela irizten du LABek. Euskal Estatuaren sorrera ekarriko duen bidean eremu sozial eta sindikalak erreferente izan behar du. Langileria bide horretara erakartzea da sindikatuon erronka, independentzia, estatu propioaren eraikuntza, langileriaren interesak defendatzeko biderik egokiena dela argi izanda.

Euskal sindikagintzak bere ekarpena egin behar du, eta LABen iritziz, desberdintasunak desberdintasun, adostasun berriak eraikitzeko unea da, langileon egoerak eskatzen duelako, gure herriaren etorkizunak behar duelako. Eraiki daitezkeen adostasun horiek berak izan daitezke desberdintasunak gainditzeko abiapuntua.

Sindikatuon eskutik, eta mobilizazioaren bidez egin behar dugu aurrera. Mugi gaitezen, independentziaren bidean, mobiliza gaitezen, Aberri Egunean. LABetik, Independentistak sarearen deialdiarekin bat eginez, Iruñean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Bai esaten diogu independentziari, bai Euskal Estatuari, bai, geure erabaki eta eskubide guztien jabe, gure etorkizun sozial, ekonomiko eta politikoa eraikitzeari.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.